2025-03-11
HomeEkintza SindikalaZuzeneko diskriminazio kasu batengatiko kexa helarazi diogu Arartekoari

Zuzeneko diskriminazio kasu batengatiko kexa helarazi diogu Arartekoari

Enplegua egonkortzeko prozesu bateko azterketa erditze egunarekin bat zetorrela eta, proba modu duinean egin ahal izateko alternatibarik ez zitzaion eskaini emakume bati.

Z.G.G. Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesura aurkeztu zen. Pertsona horrek azken urteetan aldi baterako kontratuak bete izan ditu egoitza horretan.

Z.G.G.k bi aldiz jakinarazi zion epaimahaiari bere haurdunaldiaren egoera, bai eta erditzearen balizko data ere, azterketa egunarekiko (irailak 12) denbora gutxiko aldea zegoela aintzat hartuta, eta informazioa eskatu zuen hautaketa-prozesuan parte hartuko zuela bermatzeko har zitezkeen neurriei buruz.

Irailaren 10ean, azterketaren data baino bi egun lehenago, epaimahaia bildu zen, eta erantzun zion azterketa eta erditzea aldi berean gertatuz gero, epaimahaia ospitalera joan zitekeela proba gainerako izangaien ordutegi berean egin zezan.

Epaimahaiak irailaren 10ean erantzun zionerako, Z.G.G.-ri irailaren 12rako eman zioten erditzea eragiteko data. Kontua da egun horretan bertan egin behar zela Erizaintzako Laguntzailearen azterketa. Beraz, Z.G.G.k egoera horren berri eman zion berriro ere Auzitegiari. Eta epaimahaiak, berriz ere, aukera bakarra eskaini zion: azterketa ospitalean egitea, azterketaren ordua aldatuta. Egoera horren aurrean, proba modu duinean egina ahal izateko alternatibarik ematen ez ziotela ikusita, ez aurkeztea erabaki zuen Z.G.G.-k.

LABen uste dugu egoera hori diskriminazio zuzeneko kasu argi bat dela. Sindikatu honen ustez, azterketa bat egitea erditu behar duzun egun berean aukera bakar bezala ematea neurri diskriminatzailea da sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola haurdunaldiarekin edo amatasunarekin, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko 1/2023 Legegintzako Dekretuari jarraikiz.

Hori dela eta, kexa bat helarazi diogu Arartekoari, Z.G.G.-ri urratu zaizkion eskubideak berrezartzeko neurri egokiak har ditzan: deialdi bakarraren ondoren hautaketa-prozesuaren azterketa egin ahal izatea, egiaztatu delako ezin izan duela deialdi horretara joan haurdunaldiagatik eta amatasunagatik. Neurri horiek hartu ezean, hautaketa-prozesuan plaza bat lortu ahal izateko eskubidea urratuko litzaioke. Halaber, Lan Poltsan sartzeko eta Etxe Maitia Udal Egoitzan aldi baterako lan-eskaintzetarako deitua izateko eskubidea ere urratuko litzaioke.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tafallako eta Erriberriko larrialdiko arreta berrantolatzea exijitzen du

Iazko irailaren 26an, Erriberriko larrialdiko arreta zerbitzua itxi zuten, eta Tafallako eskualdeko larrialdi zerbitzua egoera kezkagarrian dago. Hori ikusita, ezinbestekoa da Tafallaldeko larrialdiko arretari berehalako konponbide orokor bat ematea. Langileek eta herritarrek egoera salatu dute, eta adierazi dute ezen, Erriberriko larrialdi zerbitzua itxi ondoren, lehenengo arreta ematea langile ez-sanitarioen esku utzi dela, zehazki, administrarien esku. LABek horren berri eman zion duela hilabete batzuk bai Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, bai Ospitalez kanpoko Larrialdien Zuzendariordetzari. Hala ere, konponbideak jarri beharrean, funtzionamendu berarekin jarraitzen dute, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren gabeziak konpondu gabe.

LABek eskubide murrizketa salatu du Bilboko El Corte Ingles-en

LAB Bilboko El Corte Ingles-en aurrean mobilizatu da langileen lan-baldintzen errealitatea enpresak saltzen duen bikaintasun-iruditik oso urrun dagoela salatzeko.

GUREAKek laneko bajak ez izatera kondenatzen ditu aniztasun funtzionala duten langileak

Mutualia erabiltzen du horretarako, ez baitu onartzen laneko istripuen jatorri laborala. Langileen minusbaliotasunak koartada gisa erabilitzen ditu, eta, hala, lanak eragindako kalteak aitortzea saihesten du.