2024-12-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaLan istripuakZuzenean edota zeharka kontratatutako obretan kontrol neurri guztiak ezartzeko exijitzen dio LABek...

Zuzenean edota zeharka kontratatutako obretan kontrol neurri guztiak ezartzeko exijitzen dio LABek Gipuzkoako Diputazioari

Herenegun, Deskargako obretan gertatu den azken istripuaren berri izan genuen Diputazioak abiatutako obren jarraipenerako batzordean. Istripua, diogun bezala, Deskargako obran gertatu zen pasa den maiatzaren 16an. Oraingo honetan zauriturik ez da izan.

Bereziki larria da istripu hau gertatu izana, kontuan izanik pasa den urteko irailean jazo zen istripuaren arrazoi berdinak berriro errepikatu direla. Bertan Aballa enpresako langile gazte bat hil zen orduan. Ikuskaritzak kriminalitate zantzuak ikusi ditu iazko istripua argitzeko abiatutako ikerketan.

Oraingo honetan ere “Lagarto” delako kamioi baten balaztek huts egin eta maldan beheran joan ziren langileak, beste dumper kamioi batekin talka eginez. Esan bezala, zorionez zauriturik ez da izan azken istripu honetan, gidariek kabinatik garaiz jauzi egiteko astia izan baitzuten.

Bereziki salagarria da aurreko istripuan gertatuta bezala, langileek kamioia behar bezala ez zegoela abisua emana zutela aurretik: kamioian hutsegiteak zeudela, mantenimendu egokia falta zuela … esana zuten.

Mantenu falta, presa, zuhurtziagabekeria etab. Gertatutakoa zenbait enpresak duten zigorgabetasunaren adierazle da, izan ere, gogoratu behar dugu obra hau aurreko legealdian BIDEGIK lizitatua izan zela, eta ez zuela lizitazio pleguetan inolako klausularik sartu praktika enpresariak okerrak zigortzeko. Zoritxarrez, hizpide dugun obra Foru Arauaren aplikazio eremutik kanpo geratzen da eta esan behar da, Foru Arauak, arazo guztiak konpontzen ez baditu ere, horiek ekiditeko kontrol bideak errazten dituela.

Salagarria da gertatutako istripua, are salagarriagoa, UTE Deskargak istripua ezkutatu izana, batez ere langileen bizia denean jokoan jartzen dutena, beren interes ekonomikoak lehenetsiz, segurtasun neurrietan inbertitzearen gainetik. Errua agerikoa da.

Hau esanda, ez dugu alboratu nahi Diputazioak zuzenean kontratatutako obren gainean edota bere menpeko dituen erakundeen bidez kontratatutakoetan duen zaintza erantzukizuna. Horregatik, Foru Araua aplikatzen ez den obretan, iluntasun gehieneko horietan, langileek euren eskubideak defendatzeko aukerarik gutxien duten horietan, eskura dituen kontrol neurri guzti-guztiak ezartzeko exijitzen diogu, istripuak ekiditeko eta, batez ere, gertatzen direnean, ezkutatuak izan ez daitezen. Pertsonen bizia baitago jokoan.

Lan istripuak gertatuko dira eta osasun galera ere emango da, berau eragiten duten lan baldintzak aldatzen ez diren bitartean, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, enpresen eta obren gaineko kontrol gabezia, herrialdeko hitzarmenen inkunplimendua, kasu; bestela esanda, prekarietatearekin amaitzen ez den bitartean.

Araua ezarriz Aldundiak emaniko urratsak erakusten du sektoreko langileen lan baldintzak hobetzen laguntzeko baliagarria izan daitekeela. LABen konprometituak gaude eta jarraipen lan garrantzitsua egiten diogu, laneko segurtasunaren eta osasunaren alde, eta obra hauetan Gipuzkoako herrialdeko hitzarmena aplikatua izan dadin.

Horregatik guztiagatik lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua beharrezkoa dugu. Marko berri bat, langileen eskubideak, osasuna eta segurtasuna lehenetsiko dituena, gutxi batzuen mozkin eta interesen gainetik.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...