Enpresei zergak murriztea, gai honetan dituzten eskumenak patronalaren mesedetan erabiltzen jarraitzea da. Enpresa handiak saritzea da eta kapital espekulatiboari laguntzea. Berriro ere. Txarrena, jendearen egoera soziala hobetzeko aukerak baztertzea suposatzen du. Aberastasuna modu zuzen eta solidarioan banatuz premia sozialak asetzeko eta egoera ekonomikoa hobetzeko dauden aukerak alboratuz hartzen den erabakia da.
Iruzur politiko eta soziala da. Politikoa, erreforma boterean dagoen alderdiaren eta boterea benetan duen patronalaren artean egiten ari direlako. Berriro lapurtzen digute gure bizi baldintzetan hainbeste garrantzia duten erabakietan parte hartzeko eskubidea. Iruzur soziala da, erreforma hau premia sozialak daudelako egin behar da. Kontrara, krisiarekin ezer galdu ez dutenen eta krisiaren gestioarekin asko irabazi dutenen mesedetan egingo dute.
Enpresen zerga murrizteko arrazoirik ez dago, ezta beti argudiatzen duten lehiakortasuna kontutan hartuz ere. EAEko presio fiskala txikiagoa da, bai Estatuarekin alderatuz, baita Europako batazbestekoari begiratuz ere. Borondate eta proiektu politiko kontua da. EAJk PPren proiektua konpartitzen du eta PSEren laguntza du politika hauek egiten jarraitzeko. Ados daude politikak nola egin eta norentzat egin erabaki behar denean.
LABetik benetako erreforma fiskalaren alde egiten jarraitzen dugu. Bada garaia abesrastasuna banatzeko eta politikak Herriaren mesedetan egiteko. Horrelako erreforma bat behar dugu eta posiblea izango da, alternatibak proposatzeko eta instituzioetan nagusiak bihurtzeko gai den gehiengo sendoa eraikitzen baditugu.