2024-12-27
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakZerbitzuen murrizketa, hondatze eta pribatizazioa eta egoiliar eta langileentzako prebentzio- ...

Zerbitzuen murrizketa, hondatze eta pribatizazioa eta egoiliar eta langileentzako prebentzio- eta sendatze-neurrien falta salatzen dugu

LABen bat egiten dugu egoitzetako langileen, zerbitzuen erabiltzaileen elkarteen eta nagusi eta pentsionisten mobilizazio eta aldarrikapenekin, eta dei egiten dugu bizitza, lan-baldintza eta pentsio duinen alde lanean jarraitzera, lan-zentroetan zein kalean.

Konfinamendu eredu hau Kapitalaren neurrira antolaturiko salbuespen egoera da. Langile eta herri sektore zabalak babesgabe utzi eta gogor pairatzen ari garen itxialdia. Gobernu espainiarrak ezarritako alarma egoeraren bidez, estatua birzentralizatzen ari da, gure errealitateari hobe erantzuteko burujabetza inoiz baino garrantzitsuagoa den bitartean eta Nafarroako zein funtzioetan dagoen EAEko Gobernuaren geldotasunaren aurrean.

Azken asteetan asko hitz egin da pertsona helduen egoeraz eta alarma egoeraren baitan harturiko neurriek zer nolako eragina izan duen kolektibo honen bizitzatan. Neurriok hartzerako garaian, ordea, ez diote kolektibo honi ahotsa eman eta eskubiderik gabeko herritar gisa biktimizatu dituzte.

Zalantzarik gabe, pertsona helduak dira krisi sanitarioa gehien pairatu dutenak, heriotza kopuru altuena kolektibo honetako izaten ari delako. Datu bat aipatzearren, Hego Euskal Herriko hildakoen %40a bano gehiago zahar egoitzetan izan da. Hala ere, kontuan hartu behar da instituzioek datu horiek modu kontzientean ezkutatu dituztela, gizarteari informaziorako eskubidea ukatuz. Koronabirusaren erasoa pairatu dute, baina sistemaren krisia lehenagokoa da. Politika neoliberalak gidatu dituzte politika publikoak eta sistemaren aurretiazko murrizketak edota indarrean babes sozialerako ereduaren ondorioak zuzen zuzenean pairatu dituzte.

Pertsona helduak edota dependentzia egoeran bizi diren herritarrak zerbitzu sozial anitzen erabiltzaileak dira (eguneko zentroak, nagusien egoitzak, etxez-etxeko laguntza, udaletako zerbitzu sozialak… ), egoera honi aurre egiteko guztiz ez nahikoak izan diren zerbitzuak. Zentzu honetan, babes sozialerako eredua eta egin den kudeaketaren inguruko salaketa ozena egin nahi dugu, eremu honetan ere kapitalaren araberako neurriak nagusitu direlako. Bizitza sostengatzeko ezinbestekoak dira zerbitzu sozialak modu integralean garatzea eta jabetza eta kudeaketa publikoa ziurtatzea; azkeneko urteetan handituz joan da azpikontratazioan oinarritutako eredua. Horrek, langileen prekarietatea areagotzeaz gain, zerbitzuan ere defizit handiak dakartza, irabaziak lehenetsiz bizitzaren kaltetan.

Ezaguna den helduen egoitzetako langileen egoera prekarioari, bertako erabiltzaileen egoera latza gehitu beha zaio. Hilotzak pilatzen ari dira, zenbat diren ere oraindik ez dago argi eta udal batzuk egindakoa salbu (Errenteria kasu) ez da egon helduak babesteko ekimen instituzionalik. Ez haien baldintza ekonomikoak ziurtatzeko pentsioei begirakoak ez eta haien zaintzari begira.Aipatzekoa da, zentzu horretan, auzolanean sorturiko Zaintza Sareek egin duten lana pertsona helduen eta zaurgarrienen zaintza bermatuz.

Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak ezinbestekoa ikusten du pentsionisten mugimenduaren aldarrikapenak indartzea. Sistemaren krisi anizkoitz honi aurre egiteko, jendarte eredu berria behar dugu eta pentsionistek sustatu dituzten aldarrikapenak erdigunean kokatu behar dira, politika publikoak pertsonen beharrizanen arabera kokatuz:

-Zerbitzu sozial publiko integralak, behar propioei erantzungo dietenak, pertsona guztientzat irekiak izango direnak eta pertsona helduen gaitasunak zein autonomia sustatuko dituztenak.

-Osasun sistema publikoa indartzea.

-Dependentzia eta Zaintza Lege propioa EAE eta Nafarroan.

-Pentsio sistema propioa eta 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa.

-Aldarrikapen guzti hauei orube politiko instituzionala emango dien Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.