2024-07-22
HomeIdazkaritzakEuskara Idazkaritza“Zerbitzua euskaraz” ziurtagiria lortu dugu

“Zerbitzua euskaraz” ziurtagiria lortu dugu

LABek mailaz igo du eta “Zerbitzua euskaraz” ziurtagiria jaso du, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen eskutik. Kongresualdi honetarako ezarri genuen helburua maila hau eskuratzea izan zen, eta bide horretan egin dugu lan azken bost urteetan. Hala, gure zerbitzu osoa euskaraz eskaini ahal izateko tresnak sortu ditugu, bitartekoak partekatu ditugu lankideekin eta eremu berrietan hausnarketak egin eta irizpide berriak adostu ditugu.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek eman dio ziurtagiria LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideri. Sindikatuko Euskara arduradun Edurne Larrañagak lagundu die agerraldian. Euskara normalizatzeko bidean lan mundua euskalduntzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute hiruek, eta Bai Euskarari Ziurtagiria tresna lagungarria dela funtzionamendua euskalduntzeko: auto-diagnosia egiteko aplikazioa, erakundearen hizkuntza egoeraren jarraipena, urratsak emateko akonpainamendu zein aholkularitza…

Etxaidek adierazi du Hizkuntza Politikan LABek adostutako irizpideak betetzeko tresnak sortu ditugula, eta lanean jarraituko dugula sindikatuaren erabateko euskalduntzea lortu arte. Hainbat eskualde edo sektoretan lana euskaraz egiten dugula azaldu du, eta sindikatu osoan lana euskaraz egiteko eskubidea modu sistematizatu zein kohesionatuan bermatu bitarteko urratsak ematen jarraituko dugula berretsi du.

Euskarak ere Euskal Estatua behar du, lan mundua euskalduntzeko tresnak langileon eskura izan ditzagun eta hizkuntza politika eraginkorrak susta daitezen. Bai Euskarari ziurtagiria horren erakusle bat da. Izan ere, edozein estatuk du erakunde bat bere hizkuntza ofizialean jarduten duen ziurtatzeko baliabide propioak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.