2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaZerbitzu publikoetan dagoen prekarietatea mugatzeko baliatuko dugu Europako jurisprudentzia

Zerbitzu publikoetan dagoen prekarietatea mugatzeko baliatuko dugu Europako jurisprudentzia

Gure Zerbitzu Publikoetako langileen artean prekarietate aldagai nagusia lanaren behin-behinekotasuna da. Gai honen inguruan, Europatik heldu diren hainbat epairen berri jaso dugu berriki. LABek epai hau positiboki baloratzen du euskal administrazio gehienetan dagoen behin-behinekotasun tasa altuak ikusita, aldi baterako langileen egoeran honen aplikazioak ekar ditzakeen onurengatik.

LABek, epaion urjentziazko lehen irakurketaldian oinarrituta, eta egingo ditugun irakurketa xeheagoen zain, honako ondorio juridikoak ateratzen ditu:

  • Aldi baterako kontratua duten funtzionarioek, hau da, funtzionario interinoek, laboralek bezala EPEa egin bitartean, “funtzionario mugagabe ez finkoaren” izaera eskuratzeko eskubidea izango dute baldin eta haien kontratazioan iruzurrik izan bada.
  • Aldi baterako kontratua duen langile orok -laborala, estatutarioa edo funtzionarioa izan – bere aldi-baterako lan harremana etetean, kalteordaina jasotzeko eskubidea izango du.
  • Administrazioak ezin du beharrizan edo eginkizun estruktural bat betetzeko aldi baterako kontraturik egin. Hortaz, denboran zehar behin eta berriz errepikatzen den eginkizun baten kasuan, aldi baterako kontratazio asko eginez gero, dena delako eginkizun hori estrukturaltzat hartua izan beharko da, eta berau betetzeko dagokion lanpostu estrukturala sortu.

Epaiok bestalde, indarrean diren Europako zenbait zuzentarautan oinarrituz, bete beharrekoak dira, eta inongo legedik zein lan hitzarmenek ezin du ezer ezarri aplikazio zuzenekoak diren zuzentarau hauen kontrako norabidean.

LABek oso positiboki baloratzen ditu epaiok arrazoi birengatik:

  • Batetik, euskal administrazio gehienetan dagoen behin-behinekotasun tasa altuak ikusita, aldi baterako langileen egoeran honen aplikazioak ekar ditzakeen onurengatik (egonkortasuna sustatu, kalteordainak aitortu, …).
  • Bestetik, zerbitzu publikoen sistema egonkortu eta sendotzeko ekar dezakeenarengatik. Gure administrazio eta Zerbitzu Publikoen sistema gutxienekotzat jo liteke, hau da, gure agintari politikoek gutxieneko lanpostu batzuk baino ez dituzte egiturazkotzat jotzen, eta bestelako zeregin asko betetzeko aldi baterako kontratazioen bidea hautatzen dute. Epai honek praktika anker honen kontra egiten du, eta behin eta berriz errepikatzen diren zereginak administrazioaren funtzio estruktural bezala aitortuak izan eta lanpostu estruktural baten bidez beteak izateko aukerak irekitzen ditu. Gainera, zuzentarau hauek estatuen legedien gainetik daude, eta beraz, espainiar Estatuak birjartze tasaren inguruan ezarritako legedi murriztailea indargabetuta gera liteke honen aplikazioz.

Hala, azken urteotan kontratazio finkoak egiteko edota lanpostu publiko berriak sortzeko arazo edo oztopoak Estatuko legedian zein birjartze tasan kokatzen zuten alderdiek, badute arazo edota oztopook saihesteko bidea, eta orain badute erakustea ea Estatuko oinarrizko legedia kezka iturri ala aitzakia zuten. Nolanahi ere, LABek euskal administrazioak zuzentzen ari diren gobernu guztiei epai hauen bidez, europar direktibak aplikatuz, espainiar legediari bizkar eman eta zerbitzu publikoak eraikitzeko bide propioari ekin diezaioten aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko du.

Datozen egunotan, LABek azterketa sakonagoa egingo du sententziok dakartzaten ondorio guztiak ahalik eta zehatzen ezagutzeko, eta honen arabera erabakiko ditu zer iniziatiba juridiko edota sindikal hartuko dituen aldi-baterakotasunaren ondorioak mugatzeko, zein epaiok zerbitzu publikoak sendotzeko baliatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...