Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala (KES) Iruñean batzartu da gaur, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuari ekiteko. LAB sindikatuak gogorarazi nahi du presio fiskalari dagokionez Nafarroa Europako ligan jokatzetik 8,7 puntura dagoela, zerga gaietan anbiziorik ez duelako. Eta, hain zuzen ere, anbizio falta horrek eragozten du Nafarroak egitea Barne Produktu Gordinaren arabera legokiokeen Europako Batasuneko batezbesteko inbertsioa, eta eragozten du Gobernuak aurkeztu dituen 2024ko aurrekontu hauetan, 700 eta 400 milioi euro gehiago jasotzea, hurrenez hurren, Osasun eta Hezkuntzarako.
LAB zorrotza eta zehatza izaten ari da langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak exijitzeko orduan. Hala, Gobernuari eskatzen diogu 2024ko aurrekontuetan lehentasun hauek jasotzea: zahar egoitzetako Nafarroako lehen hitzarmenaren finantziazioa, Osasunbidean eta Navarrabiomeden lorturiko akordioak betetzea eta Nafarroan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea.
LAB sindikatuak azpimarratu du lehenbailehen erreforma fiskala egin behar dela azken urteotako aurrekontuei eta, jakina, 2024rako Aurrekontuen Aurreproiektu honi benetako aldaketa emateko. Alde horretatik, diru-sarrerak handitu behar dira Nafarroak gaur egun behar dituen funts publikoak indartzeko, haren politikek bat egin dezaten Nafarroako gizartearen gehiengoaren kezka eta beharrekin. Ezin gara Nafarroako eskuinak egindako finantza kudeaketara itzuli, garai hartan Nafarroako kontuak ez baitziren orekatuak.
Gainera, Europak adostutako arau fiskalek 2024. urtean hartuko dute indarra, eta horrek ondorioak ekarriko dizkio Nafarroari, Espainiako estatuak defizit publikoaren mugak bete behar dituelako. Inbertsioa indartu egin behar da, eta ez da une egokia zerbitzu publikoetan eta gizarte-babesean murrizteko, eta ezin zaio aurre egin Europako Batasuneko arau fiskalak betetzeko, herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak eta babesak berriz murriztuz. Bada garaia kapitalak, enpresaburuek, hau da, gehien dutenek zerga bidez gehiago ordaintzeko.
LABek egindako azterketaren arabera, Nafarroak Osasunean eta Hezkuntzan BPGaren araberako Europako Batasuneko batez besteko inbertsio bera eginen balu, 2024ko Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuak 701.463.727 milioi gehiago jaso beharko lituzke Osasunean eta 393.513.079 milioi euro gehiago Hezkuntzan. Urte luzez behar eta ukatu den inbertsio mailaren dimentsioa ematen duten zifrak dira, eta, era berean, oinarrizko zerbitzu horiek gaur egun dituzten gabeziak eta ahuleziak azaltzen dituztenak, Nafarroako gizartearen gehiengoa kezkatzen dutenak. Bi sektore horietan, gainera, langileek mobilizazio eta greba dinamikak izan dituzte zerbitzu publiko horiek eta beren lan baldintzak hobetzeko.