Beste galdera batekin aurreikusita zegoen Tuteran, atzo, egindako hitzaldia. "Zer gertatzen ari da Huerta de Peraltan" zen jatorriko izenburua, baina Azkoiengo enpresako langileek aurreikuspen hori ere irauli dute, euren borrokari esker. Hain zuzen ere, akordioa erdietsi dute zuzendaritzarekin, eta aukera berriak ireki dituzte Nafarroako landa eremuan, baita enplegu eta bizi duinen alde borrokan diren gainerako esparrutan. Denon ahotan dago Huerta de Peraltako langileek erdietsitakoa; hortaz, hitzaldian greba mugagabeak iraun duen hilabetean zer gertatu den azaldu zuten hizlariek, finean. Borroka eredugarria izan dela ondorioztatu zuten bertaratutakoek. Hori bai, borrokak aurrera jarraitzen duela nabarmendu zuten, fronte asko irekita baitaude hainbat sektoretan, prekarietatearen eta esplotazioaren aurka. Hain justu, borroka horiei guztiei hauspoa emateko, larunbatean Iruñean egingo dugun manifestaziorako dei berezia egin zuten. Borrokak aurrera darrai.