2024-11-16
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaZarauzko osasun etxean Osaskidetzak ez du euskara plana betetzen

Zarauzko osasun etxean Osaskidetzak ez du euskara plana betetzen

Osakidetzaren euskara planak jasotzen duenaren aurka Zarauzko osasun zentroan eman den jubilazioa baten aurrean lanpostua betetzeko euskararen ezagutza egiaztatzea ez du beharrezkotzat hartu zuzendaritzak. Erabaki honen aurka azaldu dira UEMA, Zarauzko Udala, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz, Urola Kostako LAB, Zarauzko Ikastola eta Zarauzko AEK.

UEMA , Zarauzko Udala, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz, LAB Urola Kosta, Zarauzko Ikastola, Zarauzko AEKren irakurketa

«Behean sinatzen dugun eragileok gure desadostasuna adierazi nahi diogu Osakidetzari Zarauzko osasun zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena izango duen, eta, ondorioz, zarauztarroi zuzenean eragingo digun erabakiak hartu dituelako. Bi izan dira ezinegona sortu diguten erabakiak. Zarauzko osasun zentroan lan egiten zuen mediku batek jubilazioa hartu zuen maiatzean. Titularrik gabe dagoen postu horri, Osakidetzaren euskara planak jasotzen duenaren aurka, ez zaio euskara ikasteko derrigortasun-datarik jarri eta lanpostua betetzeko barne prozesua abiatu du Gipuzkoa Eskualdeak. Ondorioz, lanpostua betetzeko euskararen ezagutza egiaztatzea ez da beharrezkoa izango. Eta hori gutxi ez balitz, baja hartu duen emaginaren ordez, erdalduna ekarri dute. Horiek horrela, zarauztarroi euskaraz artatuak izateko zailtasunak areagotuko zaizkigu aurrerantzean.

Hainbat arrazoirengatik iruditzen zaigu kezkagarria Osakidetzak hartu duen erabakia:

– Administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari muzin eginda, Zarauzko herritarron hizkuntza eskubideak urratuko ditu Osakidetzak.

– Osakidetzak ez ditu kontutan hartu Zarauzko herritarrak, ezta bertako errealitate soziolinguistikoa ere.

– Zarauzko euskararen arnasgunean erdara nagusi den eremu bat sortuko du Osakidetzak, bertako errealitate soziolinguistikoan eragin kaltegarria eraginez. Bertako herritarren %70ek daki euskaraz, eta %17k euskara ulertzen du. Euskara nagusi izanik, euskararen arnasgune indartsua da gure herria.

– Kalitatea da Osakidetzaren helburu nagusietako bat, eta kalitatea osasungintzan hizkuntzari lotuta dago. Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi zuen moduan, osagile eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa da. Kontraensakorra, beraz, hartutako erabakiekin.

Arnasguneek hizkuntzaren biziraupenean egindako ekarpena handia izan da, eta handia izan daiteke euskararen normalizaziorako egin dezaketen ekarpena ere. Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik, eta ondorioz, trataera berezia behar dute; bertako errealitate soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak zaindu behar dira. Beste hainbat arlotan bezala, hizkuntzari dagokionean ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira. Egoera honen aurrean gure kezka eta ezinegona adierazi nahi dugu. Hori horrela, orain arteko prozedura berrikusi, eta lanpostuari derrigortasun data jar diezaioten eskatu nahi diegu Osakidetzako arduradunei. Zarauzko herritarrok osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu, eta beraz, zor zaigun begirune eta errespetuarekin jokatu dezala eskatzen diogu.

Sinatzaileak:

UEMA
Zarauzko Udala, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz, LAB Urola Kosta, Zarauzko Ikastola eta Zarauzko AEK»
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.