2024-12-26
HomeIdazkaritzakLan Osasuna IdazkaritzaZaldibarreko zabortegiko heriotzen erantzukizun publiko zein pribatuak argitzea eskatzen dugu

Zaldibarreko zabortegiko heriotzen erantzukizun publiko zein pribatuak argitzea eskatzen dugu

Une latz hauetan, identifikatua izan den Alberto Sololuzeren eta desagertua jarraitzen duen Joaquin Beltranen senitarteko eta gertukoei bere babes eta elkartasun guztia helarazi nahi die LABek.

Otsailaren 6an desagertu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran Zaldibarreko Verter Recycling-eko zabortegian, berau hondoratu zenean. 6 hilabete eta 10 egun desagertuta eman ondoren, gaur identifikatu dituzte azken egunotan zabortegian aurkitutako gorpuzkinak eta baieztatu dute Alberto Sololuzerenak direla. Ezer baino lehen, LAB sindikatutik, gure doluminak, babes eta elkartasun guztia helarazi nahi diegu haren familia eta hurbilekoei. Berdin, oraindik desagertua jarraitzen duen Joaquin Beltranen senide eta gertukoei ere. Hura aurkitu arte, bilaketa lanekin jarraitzea eskatzen dugu behar diren baliabide guztiekin,.

Lehen momentutik kalean izan gara kasua argitzea eskatzeko. Zabortegian bertan ere izan ginen, han entzundako azalpenek ez gintuzten asetu, eta han ikusitakoak (hondamendiaren dimentsioa, bilaketa lanetan zebiltzan langileen baldintzak…) gure susmoak konfirmatu egin zituzten.

Hasieratik eskatu dugu langileak aurkitzea, eta garrantzitsua da gorpuak berreskuratzea, gehiago familia eta ingurukoentzat. Baina afera hau ez da hor amaitzen, hasieratik esan izan dugun moduan, erantzukizunak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ere ezinbestekotzat jotzen dugu. Inplikatutako agente guztien erantzukizuna argitzea eta herritarron osasuna bermatzeak ezinbestekoa izaten jarraitzen du.

Argi dago Verter Recycling enpresak erantzukizun zuzena duela hildako eta desagertutako langileen gainean eta oro har, zabortegian eman den hondamendiaren aurrean. Hala ere, erantzukizun horiek ezin dira soilik eremu pribatura mugatu, izan ere, administrazio publikoak, eta kasu honetan Iñigo Urkulluk, bere lan-istripu eta langileekiko indiferentziarekin, zuzendutako Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak, ardura politiko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoen artean dagoen harreman pertsonal eta zuzena. Hasieratik Eusko Jaurlaritzak afera eremu pribatura mugatu nahi izan duen arren, hari dagokio zabortegien kontrola eta ikuskaritza.

Sololuzeren heriotza baieztatuta, dagoeneko 46 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak. Izan ere, abuztuaren 17an USOA enplegu zentro bereziko langile bat hil zen lan-istripu ez traumatiko batean.

2019an lanean hildako langileen kopurua (46) lortu dugu abuztu erdian. Eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian. Koronabirusaren testuinguruan jarduera ekonomikoak izaniko geldialdiak eta ondotik eratorritako krisialdi ekonomikoak ere ez du gelditu lanean hildakoen odolustea. Eta oraindik lau hilabete baino gehiago falta dira urtea amaitzeko.

Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, ekonomia eredu zehatz batek ezartzen dizkigun lan baldintzen ondorio baizik, eta Zaldibarrekoa bereziki, sistema kapitalista ekozidaren erakusgarri garbia da. Horrela, berebiziko garrantzia du gertatutakoaren inguruan erantzukizunak argitzeak. Honekin lotuta, salagarria da administrazioek orain arte garatu duten pribatizazio politika. Ekonomia jarduera estrategikoak publikoak izan behar dira.

Ekimen ugari egin izan da azken sei hileotan langile bi hil zituen istripua argitzea helburu hartuta, langileak, osasuna eta erantzukizuna kontuan hartuko dituen konponbidea lortzeko.

Mobilizazioak eta herri erantzunak beharrezkoa izaten jarraitzen du horrelako gertakariak onartzeko prest ez gaudela adierazi eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu bateranzko trantsizioa indartzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.