2025-03-16
HomeEkintza PolitikoaZaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatu dugu, pribatizazio politiken eta negozioaren aurrean

Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatu dugu, pribatizazio politiken eta negozioaren aurrean

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak agerraldia egin dute, zaintza sistema publiko komunitarioa lortzeko sindikatuak egindako proposamenak plazaratzeko, zaintza negozio bihurtu dutela islatzen duen txosten batean oinarrituta. Era berean, zaintzaren inguruan martxoan zehar egingo ditugun ekimenen berri eman dugu; besteak beste, martxoaren 8rako Hego Euskal Herriko hiriburuetan iragarritako mobilizazioak eta martxoaren 13an Altsasun egingo ditugun zaintza topaketak.

Lehenik eta behin, sindikatutik planteatzen dugu mugimendu sindikalaren eta mugimendu feministaren eskaerei erantzun behar zaiela. “Gehiengo sozio-sindikaletik eta mugimendu feministatik zaintza sistema publiko komunitario baten beharra planteatzen ari gara. Zentzu honetan, orain konpromiso politiko eta instituzional oso argi bat falta da sistema horretan aurrera egiteko”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Hala, zaintza zerbitzuetara bideratutako aurrekontuak handitzea eta gardentasuna eskatu dugu: “Jakin nahi dugu zer enpresa pribatu diren eta zenbat diru publiko jasotzen duten. Zaintzaren negozioarekin amaitu behar da. Eta bitartean, jarraituko dugu salatzen eta ikusarazten nork ateratzen duen horren kontura. Ezin da diru publikoa esku pribatuetara desbideratzen jarraitu”.

Idazkari nagusiaren hitzetan, ezinbestekoa da pribatizazioaren joerari buelta ematea, adinekoen egoitzak eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) publiko eginez, erakundeek, agintean dauden alderdietatik haratago, benetako boterea izan dezaten zerbitzu horien prestazioan.

Gure proposamenen artean giltzarri ere bada zaintzako eta, beraz, zerbitzua emateko langileen ratioak eta lan-baldintzak hobetzea. Era berean, etxeko langileen egoera erregularizatu behar dela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, eta LABek etxeko langileentzako hitzarmen bat lortzeko lanean jarraituko duela berretsi du.

Aldarrikapen hauek guztiak LABek planteatuko dituen mobilizazioetan egongo dira presente.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok apirilaren 3an mobilizatuko gara, eta deia egiten dugu apirilaren 5ean pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko mobilizazioetan parte hartze hartzera.

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan...

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.