2024-12-22
HomeEkintza SindikalaZaintza sektoreko baldintzak duintzeko premia azpimarratu eta langile horien kontura negozioa egiten...

Zaintza sektoreko baldintzak duintzeko premia azpimarratu eta langile horien kontura negozioa egiten duen patronala interpelatu dugu

EAEko Confebasken nahiz Nafarroako CENen aurrean elkarretaratze bana egin dugu, Zaintzaren negozioa ere indarkeria matxista da lelopean.

Indarkeria matxistaren aurkako egunaren (azaroak 25) zein Greba Feminista Orokorraren (azaroak 30) bezperatan gauden honetan, mobilizazio bana egin dugu Bilbon eta Iruñean, patronala zaintzaren negozioarekin aberasten dela eta, horrenbestez, indarkeria ekonomikoa sustatu eta erreproduzitzen duela salatzeko. Horren aurrean, langile guztien bizi-baldintzak hobetu eta zaintza eskubide unibertsala bermatuko duen sistema publiko komunitarioa izan dugu aldarri Confebasken eta CENen egoitzen aurrean bildutakoek. Iruñeko hitzorduan gurpil-aulkiak eraman ditugu patronalaren atariraino, eta egungo antolaketa ereduak langileok nahiz zainduak izateko premia duten pertsona guztiok kaltetzen gaituela argi utzi dugu. Beste horrenbeste adierazi diogu Confebaski, enpresa pribatuen irabazien eta horietako langileen ordainsarien arteko aldea jasotzen duten mezuak itsatsita horman, desoreka izugarrizkoa dela garbi utzita.

Mobilizazioen baitan, Bilboko hitzorduan LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Idazkaritza Feministako arduradun Maddi Isasik egin dituzte adierazpenak, eta Iruñekoan, berriz, Nafarroako bozeramale Imanol Karrerak eta Idazkaritza Feministako nahiz sindikatuko Zuzendaritzako kide Arantza Vazquezek.

Gogorarazi dutenez, gaur egun zaintza zerbitzu gehienak pribatizatuta eta enpresa gutxi batzuen esku daude, eta horiek, gainera, diru publikoa jasotzen dute. Hala, administrazioaren babesa daukate langileen, erabiltzaileen nahiz familien kontura aberasten jarraitzeko. Izan ere, gure instituzioak gobernatzen dituzten alderdi politikoek alfonbra gorria jarri diote zaintza zerbitzuen pribatizazioari.

Bada, pribatizazioak dakartzan ondorioak aski ezagunak dira: soldata urriegiak, lanaldi luzeak, ratioak kontuan ez hartzea, lan hitzarmenak urte luzez blokeatuta izatea, erabiltzaileei zaintza duina ukatzea… Hori guztia ere indarkeria matxista da. Kasurako, nagusien egoitzak kudeatzen dituen DomusVi enpresak 1.400 milioi euro inguruko irabaziak dituen bitartean, Arabako zein Nafarroako egoitzetako langileak hitzarmenik gabe daude, eta urtean 1792 lan-ordu egitearen truke 1.000 euroko soldata jasotzen dute.

Izan ere, zaintza lanetara emanda dauden enplegu eta lan guztiak prekarioak dira, eta gogoan izan behar da Hego Euskal Herrian 164.000 emakumek doan egiten dituztela lanok.

Dena den, patronalaren negozioa zaintza sektoretik harago doa, besteak beste, emakumeek* zaintzarako hartzen dituzten lanaldi murrizketekin edota kontziliazio neurriekin ere aberasten baita.

Horren guztiaren aurrean, zaintzarako eskubide kolektiboa bermatu behar da, eta horretarako Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eskatzen du gure sindikatuak. Bestalde, enpleguaren berrantolaketa osoa aldarrikatzen dugu, eta horretarako lanaldia murriztea beharrezkoa da. 30 orduko lan-astea dugu jomugan, elkar zaintzeko denbora gehiago izateko eta gizonek zaintzarekiko dagokien ardura har dezaten.

Hala, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrerako deia berretsi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...