2024-12-22
HomeEkintza SindikalaZaintza publiko eta komunitarioaren aldeko mezua zabaldu du LABek Emakume Langileen Nazioarteko...

Zaintza publiko eta komunitarioaren aldeko mezua zabaldu du LABek Emakume Langileen Nazioarteko Egunean

Sindikatuak mobilizazio ez-mistoa egin du goizean, zeinetan lanbide feminizatuetako langileak izan baitira protagonista. Zaintzarekin negozioa egiteari uzteko ordua dela azpimarratuta, kapitalismoaren logikaren mesedetan jarduten duten instituzioak izan dituzte jopuntuan Gasteizen (Diputazioan), Bilbon (Udaletxetik Diputaziora), Donostian (Bulebarrean), Baionan (tren geltokian) eta Iruñean (Parlamentuan) izandako hitzorduetan.

Zaintzaren krisiak ondorio asko eta asko uzten ditu oraindik, eta argi geratu da sistemak zer nolako mugak dituen inor esplotatu gabe bizitza sostengatu ahal izateko. Hortaz, zerbitzuaren kalitatea eta erabiltzaileen zein langileon baldintza duinak lehenetsi beharrean, kalteak herritarron bizkar utzi nahi dituzte beste behin ere.

Egoera horren aurrean, baina, asko dira sektorez sektore borrokan ari diren emakumeak, eta beren aldarrikapenak erdigunera ekarri nahi izan ditu LABek. Hala, etxez etxeko arreta zerbitzuko beharginek, erresidentzietakoek, etxeko langileek nahiz esku-hartze sozialekoek hartu dute Bilboko agertokia. Pribatizaziorako joera geldiarazi eta zaintza kapitalista eta patriarkalaren eraldatzeko asmoz egin dute bat martxoaren 8ko mobilizazioarekin.

Garbiñe Aranbururen irakurketa

LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk ere parte hartu du manifestazioaren amaieran Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren ondoan egindako hitzartzean. Hark ere zaintza lanen egoeraren gain jarri du arreta: “Emakumeok, nazkatu gara. Ez dugu aitortu eta ordaindu gabeko etxeko lan eta zaintza lanei kateaturik bizi nahi. Ez dugu lanaren banaketa sexistak sortzen duen prekarietaterik onartzen”. Horren aurrean, dagoeneko “iraungita eta agortuta” dagoen egungo zaintza eredua goitik behera aldatu beharra nabarmendu du, baita aliantza feministak bultzatu eta zaintza lanetan diharduten emakumeek modu prekarioan jardutea galaraztearena ere.

Ildo beretik, gizonei dagokien erantzukizuna beren gain hartzeko ere exijitu nahi izan die Aranburuk: “Sistemak arrakalak sorrarazten ditu plusbalioa ateratzeko eta gizon eta emakumeen arteko edota langile migratu eta autoktonoen arteko dominazio forma gisa. Sistema bera da langile klasearen artean maila ezberdinak egotea eragiten duena, eta hori begibistakoa da zaintzen esparruan”.

Bada, sindikalgintza feminista indartzen ari dela gogorarazi du Garbiñe Aranburuk, eta LABek horren aldeko apustua egin zuen aspaldi. “Zaintza eremuan, sektore feminizatuetan, milaka zarete borroka sindikala zabalik duzuenak, komunikabide nagusien titularrik ez da izango zuentzat, baina sekulako garrantzia du egiten ari zareten borrokak, historiara pasako zarete”, adierazi die sindikatuko koordinatzaile orokorrak emakume langileei.

LABen aldarrikapenak

Emakumeok kalitatezko lan eta zerbitzu publikoak defendatzeko egiten ari garen borrokaren bidez, borroka sindikal feminista indartzen ari da. Borrokatzen jarraituko dugu, orain arte bezala, negoziazio kolektiboan, interpelazio politiko instituzionala egiten eta Mugimendu Feministarekin aliantzak eraikitzen.

LABek eskatzen du:

> Debekatu dadila zaintza zerbitzuak pribatizatzea; lehentasunez, adineko pertsonen egoitzak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak.

> Adineko pertsonen egoitzen eta etxez etxeko zerbitzuen kudeaketa zuzena izan dadila, instituzioek euren gain hartuta, eta etxeko lanak erregulatu daitezela lan baldintzak ziurtatuko dituen hitzarmen kolektiboaren bidez.

> Zerbitzu hauek kudeatzen dituzten enpresak kontrolatu daitezela eta derrigorrezkoa izan dadila hitzarmenak negoziatzea eta zuzenean kudeatzen diren zerbitzuetan dauden lan baldintzak parekatzen direla ziurtatzea, publifikaziorako bidea egin bitartean.

> Zor patriarkala aitortzea eta ordaintzea zaintza lanetan aritu diren emakume guztiei, haiek egindako lana ordaindua edo ordaindu gabekoa izan.

> Egoera ez erregularrean dauden etxeko langile guztiak erregulatu daitezela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...