2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaZaintza lanetara emanda dauden enplegu eta lan guztiak prekarioak dira

Zaintza lanetara emanda dauden enplegu eta lan guztiak prekarioak dira

Zaintza eraldatu gabe berdintasuna erretorika hutsa dela eta, langile guztiei Azaroko Greba Feminista Orokorrean parte hartzeko deia luzatu diegu LAB sindikatutik.

14. Ikusmiran txostena jarraian duzue eskuragarri:

Zaintza lan edota etxetik kanpoko enpleguetan dabiltzan langileen errealitatea argitara ekarri du LABek. Zenbait datu eskuratzea zaila edo ezinezkoa izan dela salatu du sindikatuak, zaintza lanen egoera prekarioaren adierazle baita hori. Edonola ere, argiak dira ondorioak: zaintzara emandako enplegua eta lan guztiak prekarioak dira, eta kapitalak zaintza lan eta enplegua baliatzen ditu aberastasuna metatzen jarraitzeko.

Azterketa honetan jasotzen diren datuek azaroaren 30ean kalera ateratzeko arrazoiak agerian jartzen dituzte. Ez dago zalantzarako tarterik, zaintza eredua bidegabea eta bideraezina da.

Guztiok zaintza duina izateko eta zaintzaileen eskubideak errespetatzeko, zaintza eredua eraldatu egin behar da. Zaintza eredu berri baten aldeko borroka sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialaren inpugnazio argia dela ulertu behar dugu eta hau izango da, aberastasunaren banaketarekin eta trantsizio ekosozial justu baten aldeko borrokarekin batera, datozen urteetako borrokaren ardatzetako bat.

Zergatik diogu bidegabea dela?

  • Ez dago bizitzarik zaintzen ez bada, baina zaintza emakumeei* egozten zaie eta horrela, produktibo – erreproduktibo dikotomiaren gain eraikitzen da sistema. Etxean, ezkutuan eta emakumeek* egiten duten zaintza lana ez da aintzat hartzen BPGn, kapitalak berak bizirauteko doan lan egiten duen emakume multzo handia du (164.000). Zaintza lanak ez dira aitortzen, ez zaie duten balio politiko ekonomiko eta soziala ematen.
  • Sistema kapitalista kolonialista eta heteropatriarakalak inposatzen duen sexuaren araberako lan banaketak eta zaintzan emakumeei* esleitzen dien rolak genero arrakalak eragiten ditu eta emakumeak* prekarietatera eta pobreziara eramaten ditu.
  • Kapitalismoa zaintza lanen esplotazioaren gain aberasten da eta sostengatzen da. Generoa, arraza, klase soziala eta jatorriaren ardatzen zeharkatzen dute zaintzen banaketa desorekatua. Sistema, etekina ateratzeko, esplotazioan oinarritzen da eta egoera horien artean muturrekoak ere badaude; asko eta asko emakume* migratuek pairatzen dituzte.
  • Prekaritatea ez da soilik ardatz ekonomikoan oinarritzen den zerbait. Prekaritateak emakumeon bizitzak gurutzatzen ditu. Zaintzaren eremuan prekaritateaz eta pobreziaz hitz egiten dugunean denboraren pobreziaz ere hitz egin behar dugu: denbora librerik ez izatea ere prekaritatea da. Denbora faltak parte hartze politikoan ere eragiten du.
  • Gizon eta emakumeen* arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da, hizpide dugun hau guztia azalarazten eta politizatzen ez badugu. Ez dago berdintasunik zaintza lanak ez badira balioan jartzen, ez badira kolektibizatzen eta banatzen, ez badira duintzen.

Zergatik diogu bideraezina dela?

Errealitate hau ez da kasualitatea, kapitalismoak emakumeei* egozten dien zaintzaile rolak, zaintzari dagokion balioa ez aitortzea dakar. Horregatik, ez da garatu izan zaintza sistema publikorik, instituzioetatik prekarizazioari alfonbra gorria jarri zaio, zaintza lanak pribatizatu eta merkantilizatu dira. Zaintza negozio eta eskubide, zaintza negozio eta ustiaketa bilakatu da.

Muturreraino eraman da eredua eta jada ez da sostengatzen. Zaintzaren gaia, zaintzan ari diren emakumeen* arazo eta kezka izatetik jendarte osoaren kezka eta lehentasun izatera pasatzen ari da. Emakumeak* ahalduntzen eta planto egiten ari dira. Feminismoak eta feminismoa ekintza sindikalera ekarri izanak, lagundu du pedagogia egiten eta hainbat borroka pizten.

Zaintza krisiak gero eta dimentsio handiagoa izango du. Zaintza beharrak gero eta handiagoak dira baina emakumeak* ez daude prest orain arte bezala zaintza lan horiei heltzeko eta instituzioen utzikeriaren aurrean kalean bultzatuko dugu zaintzan eman beharreko eraldaketa.

Orain arteko borrokei beste dimentsio bat eman eta mugarri berri bat jartzera goaz Azaroaren 30eko grebarekin.

Zaintza nola, nondik eraldatu:

  • Urgentziaz zaintzaileen lan baldintzak duindu egin behar dira:
    • Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraziz, etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartuz (Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berretsiz)
    • Etxeko langileei zein zaintza eremuan ari diren beste langile guztiei gutxieneko soldatatik gorako lansariak ezarriz.
    • Ratioak, lanaldiak, lan osasuna… eta bestelako lan eskubideak duinduz.
  • Zaintza lanak banatu eta berrantolatu, kolektibizatu. Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak eta zaintza guztion ardura da. Zaintza lanak aitortu eta banatu egin behar dira eta gizonek dagokien ardura hartu behar dute zaintza lanei denbora gehiago eskaintzeko. Zaintza lanak kolektibizatu eta berrantolatu egin behar dira. Horrek guztiak enpleguaren antolaketan ordutegiak eta baimenak berrikustea dakar.
  • Zaintza sistema publikoa: Aztertutako datuek erakusten dute Zaintza Sistema Publiko Komunitario bat ez garatzeak eta ez indartzeak beti ekarriko duela emakumeak* kontratatzea eta zaintza lanak modu “pribatuagoan” -familian- kudeatzea. Sistemak ez du bermatzen (kontrakoa sustatzen du) baldintza egokietan emango direnik zaintza lanak. Beraz, zaintza sistema publikoaren beharra azpimarratzen dugu.

HAINBAT DATU ESANGURATSU:

  • Etxeko lanetan (lan erreproduktiboa) eta gizarte zerbitzuetan diharduten langileek sortzen duten aberastasuna BPGrekiko %25,75 da: eraikuntzan (%4,20) edota industrian (%17,19) sortzen duena baino handiagoa.
  • 186.800 herritar ari dira etxeko lanetan, horietatik 164.328 emakumeak* (%87,97). Zazpi eguneko lanastea dute, egunean 10 orduko lana, astean 72 ordu, urtean 170 lan egun oso. Ondorioz, urte erdia lanean ematen dute.
  • Etxeko lanetan ari diren emakumeek* gutxieneko soldata jasoko balute (1.570€, 14 pagatan) 3.611.929.440€-ko gastua suposatuko luke: EAEko 2024rako aurrekontu proiektuaren %24.
  • Etxeko langileen legezko oinarrizko soldata 1.080€-koa da, kasu gutxitan bermatzen dena.

Helduen egoitzetako langileen batez besteko soldata 1.444,74€-koa da. Lan Hitzarmen estatala duten emakumeena* 1.061€-koa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...