2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaZaintza, enplegua eta ondasunaren banaketa aldarrikatu ditugu Gasteizen, Martxoaren 3ko sarraskiaren 48....

Zaintza, enplegua eta ondasunaren banaketa aldarrikatu ditugu Gasteizen, Martxoaren 3ko sarraskiaren 48. urteurrenean

Ekitaldia egin du LABek Gasteizen, Martxoaren 3ko sarraskiaren 48. urteurrenean, Enbor beretik sortuko dira leloarekin. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak adierazi du 1976 hartan jaio berria zela sindikatua: “Hasieratik argi izan genuen gure lekua non zegoen. 76ko martxoaren 3aren parte izan ginen eta LABentzat urtemuga garrantzitsua izaten jarraitzen du”.

LABek 50. urteurrena du aurten. Horren harira eta sindikatuaren bilakaera aipatuz, Aranburuk zehaztu du “sustraiak ondo oinarrituta, enborra sendo eta eta adarrak zabalduz” joan dela LAB: “Zabalduz joan gara; Euskal Herriari aukera berriak zabaltzen ari gara, LAB langile guztien tresna izan dadin”.

Aranburuk zehaztu du LAB aitzindaria izan dela proposamen berritzaile eta eraldatzaileak egiten, eta hor kokatu du banaketa hirukoitza; enplegua, zaintza eta aberastasunaren banaketa, hain zuzen ere: “Hau bezalako proposamenekin hauspotzen ditu LABek bere eguneroko borroka eta ekintza soziosindikala. Eta horren ondorio da bizitzen ari garen greben eta mobilizazioen areagotzea”.

Zaintza lan guztiak ezinbestekoak direnez, gaineratu du beharrezkoa da lan horiek aitortza politikoa eta ekonomikoa izatea.

Lanaldi murrizketaren beharra ere hizpide izan du Aranburuk: “30 orduko lan astea defendatzen dugu, enplegu eta zaintza lanak berrantolatzeko”. Ildo horretan, zaintzagatik lanaldia eteteko aukera planteatu du.

Enpleguaz, “administrazioak herritar guztiei bermatu beharreko eskubidea dela” adierazi du Aranburuk, “eta horren faltan, gutxieneko soldataren adinako kalte-ordaina ordaindu beharko luke”.

Ondasuna banatzeko bideak ere hizpide izan ditu Aranburuk. Batetik, soldatak duintzea, “erosahalmenaren galerari aurre egiteko soldatak hobetzea”, 1.400 eurotako gutxieneko soldata helburu moduan kokatuta. Bestetik, “zerga politika progresiboa, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko diru gehiago bildu eta diru publikoa egoki erabiltzeko”.

Aranburuk gaineratu du EAJren eta PSEren egungo EAEko gobernuak aldaketa behar duela: “Aldaketa gero eta gertuago ikusten dugu; gu ere bagara aldaketa horren motore eta jarraitu dezagun aldaketa hori bultzatzen”.

Horrez gain, Aranburuk adierazi du “ekintza sindikal borrokalariarekin, eta negoziazio kolektiboak eskaintzen dizkigun aukerak baliatuz, euskal esparrua zabaltzen” ari garela. Borondaterik balego, egungo eskuduntzekin, langileen mesedetan politika publiko ausartagoak egin litezkeela adierazi du. “Baina ez gara horrekin konformatzen: egungo autogobernu maila gainditu behar da. Hemen erabaki behar ditugu gure lan eta bizi baldintzak, eta, horretarako, estatus politikoak berritu behar dira”, gaineratu du.

LABen izaera soziopolitikoa ere aldarrikatu du Aranburuk, negoziazio kolektibora mugatuko ez den sindikatua baita. “Azken 50 urteotan bezala, klase borrokan eta askapen borrokan eragile aktibo izango gara, herri honek eta langileok behar ditugun eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak bultzatuz”.

50. urteurrena eta mobilizazioa

LAB bere 50. urteurrena ospatzen ari da 2024 honetan eta horrek ere bere lekua izan du Aldabe Gizarte Etxean egindako ekitaldian. Horrela, urteurreneko artelana erakutsi dute bertan berau egin duen Zirika artistak eta Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak. Artelanak zuhaitz bat irudikatzen du, sustrai sendoak eta adar zabalak dituena. Izan ere, Zabaltzen da LABen 50. urteurreneko leloa.

Ekitaldian Igor Chillon LABeko Gasteiz-Lautada-Errioxako arduradunak ere hartu du hitza, eta aipatu du Araban LABek inoiz izandako zabalkunde handiena duela gaur egun. Azken hamarkadetan herrialdeko borroketan sindikatuak izan duen paper garrantzitsua ere nabarmendu du. Era berean, militantziari aitortza ere egin diote, agurra dantzatuz. Ekitaldiaren ondoren, ehunka lagunek manifestazioa egin dute Zaramaga auzoraino.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...