2025-04-16
HomeEkintza SindikalaZahar egoitzetako eredu berri faltsu bati buruzko patronalaren jardunaldi batzuen aurrean mobilizatu...

Zahar egoitzetako eredu berri faltsu bati buruzko patronalaren jardunaldi batzuen aurrean mobilizatu gara, eta langile batzuek beren egoera prekarioa salatu dute barnean

Gaur goizean, LARES zahar egoitzetako patronalak antolaturiko jardunaldi batzuk egin dituzte Burlatako Kultur Etxean, eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek parte hartu dute —bertzeak bertze, Maria Txibite lehendakariak, Inés Francés Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendariak eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialen kontseilariak—, zerbitzuetan pertsonak artatzeko eredu berri bati buruz hitz egiteko. LAB sindikatuak elkarretaratze bat antolatua zuen kanpoan, hain zuzen ere, salatzeko zahar egoitzetako enpresen eredua diruan oinarritzen dela, eta ez pertsonengan. Gainera, zahar egoitzetako langile batzuek lortu dute barnean hitz egitea eta beren egoera salatzea.

Jardunaldien aurkezpenean parte hartu duten sektoreko langileek argi utzi nahi izan dute zein den egoitzen errealitatea, eta Gobernuari eskatu diote egoitza horietara joan dadin, bertatik bertara errealitatea ezagutzeko. Parte hartu ondoren, langileek alde egin dute, eredu faltsu berriari buruzko diskurtsoari muzin egiten diotela erakutsi nahian, eta, kanpora atera direlarik, Foruzaingoak zehapena ezarri die.

LAB sindikatuak egiaztatu du aspalditik ari direla zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen arreta-eredu berri bati buruz hitz egiten, ustez zerbitzu pertsonalagoa eskainiko duena, ustez erabiltzaile bakoitzari begira egonen dena. Eta, dirudienez, eredu berri horren ezarpenari esker, Nafarroako Gobernuak Europatik etorritako diru-laguntzak eskuratu ahal izanen ditu. Baina hori guztia baliabiderik eman gabe egin nahi dute, eta kontua da gaur egun egoitzetan neurriz kanpoko lan-kargak hartzen ari direla, langile-eskasiagatik, eta horrek kalte egiten diola langileen osasun fisiko eta psikikoari.

Gaur egun, enpresa-hitzarmen propiorik ez duten egoitzen langileek urtean 1.792 orduz hiru txandatan lan egitera behartzen dituen estatuko hitzarmen bat dute, hilean asteburu bat libratzeko eskubidea dute, gaueko lanaren plusa 1,97 € gordinekoa da, eta gerokultore baten oinarrizko soldata 997,16 € gordinekoa da.

LABen iritziz, lan-baldintza horiek ez dute inoiz zerbitzu ona eskaintzeko aukerarik emanen, eta zinez tamalgarria da, langile horiei egiten duten lana gustatzen baitzaie. Eta porrot egin duen sistema hau pairatzen duten pertsonekin lan egiten dutelako eta beren bokazioa horixe delako, eman beharko luketena baino anitzez gehiago ematen dute, erabiltzaileen alde.

Gaurko jardunaldietan parte-hartzaileetako batek erran du “aldaketa posible dela, nahikoa dela egin nahi izatea”, baina LAB sindikatuak gaineratu nahi du aldaketa ez dela inoiz posible izanen Nafarroako Gobernuak zerbitzu horien kudeaketa uzten badu erabiltzaileen eta langileen osasuna baino lehen mozkinak lehenesten dituzten enpresen esku.

Kalitatezko zerbitzua eskaintzeko benetako borondatea balego, Nafarroako Gobernuak zaintza-sistema unibertsal eta publiko bat ezarriko luke, behar duten guztiei kalitatezko zerbitzua bermatuko liekeena, langileen osasuna eta lan-baldintza duinak bermatuko lituzkeena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.