2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaX. Biltzar Nagusira bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugu, idazkari nagusi...

X. Biltzar Nagusira bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugu, idazkari nagusi baten ordez

X. Biltzar Nagusia egingo dugu ekainaren 16an eta 17an, Baiona-Miarritzen, “Bagara bagoaz” leloarekin, eta eskualdez eskualde hautatutako 500 kide bilduko ditu osoko bilkurak. Hala iragarri dute Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak. “Biltzar Nagusiaren prestaketan aritu gara ikasturte osoan zehar. Entzunketa ariketa egin dugu gure militantziarekin ponentzia idatzi aurretik. Orain ponentziaren inguruko eztabaidari ekingo diogu”, adierazi dute.

Berritasunen artean, bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugu biltzarrera, idazkari nagusi baten ordez. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo dira hautagaiak.

Biltzar Nagusia Ipar Euskal Herrian egiteak konpromiso bikoitzari erantzuten dio. Batetik, sindikatu nazional bakarra izanik, euskal langile guztiei begirako egitasmoa garatu eta mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko hautuari. Bestetik, Ipar Euskal Herrian sortu eta 22 urtera, lurralde honetan LABen egitasmoa indartu eta hedatzeko erabakiari.

Bada, osasun onarekin iristen gara Biltzar Nagusira. Afiliazioan gora egin dugu azken bost urtetan, 5.000 afiliatu gehiagorekin, eta egun 46.000 afiliatu baino gehiago ditugu. Parekorik ez duen igoera da hori, %12 bost urtetan. Era berean, prekarizatutako langileengana areago gerturatu eta euren sindikalizazioa errazteko, afiliazio kuota sistema berritu egin dugu. Bakoitzak bere diru sarreraren arabera ordainduko du orain kuota.

Azken bost urte hauetan izandako afiliatu berri horietatik gehienak emakumeak dira, sindikatuaren antolaketa eta ekintza sindikalean emandako urrats feministen ondorio.

Hauteskunde sindikaletan ere goraka goaz. Hego Euskal Herrian %19,24an gaude: EAEn %19,85ean; Nafarroan %17,31n; eta Ipar Euskal Herrian hedatzen jarraitzen dugu.

Erabaki nagusiak, bere horretan

Testuingurua aldatu bada ere, gure erabaki nagusiak berretsi egingo ditugu. Kapitala eta Bizitzaren arteko talka betean gaude. Pandemia eta Ukraniako gerra tartean, baina oinarrian dagoena arazo bera da: sistema hau, bidegabea ez ezik, bideraezina ere bada.

Bizitza duina ziurtatzeko Euskal Errepublika Sozialista, Feminista eta Euskalduna behar dugu. Norabide horretan, eredu ekonomiko eta sozial berri baterako errotiko aldaketak borrokatzea dagokigu, Programa Sozioekonomikoan jasotzen ditugun lan ildo nagusiak garatuz:

-Banaketa hirukoitza: zaintza, enplegua eta ondasuna banatu. Hain zuzen ere, soldatak hobetu, zerbitzu publiko duinak ahalbidetu eta zerga erreforma gauzatu.

-Trantsizio ekosozialista: produkzio eta kontsumo eredua aldatu eta bizitza erasotzen duen egungo garapen eredutik garapen eredu jasangarrirako trantsizioa egin.

Era berean, kontrabotere sindikalgintzaren alde lanean jarraituko dugu. Sindikalismo itun zaleak porrot egin du. Langileon antolakuntza eta borrokarako gaitasuna da, eskubideetan aurrera egiteko bermea. Sindikalismoa birpentsatu eta emakumeentzat nahiz oro har sektore prekarioentzat tresna eraginkor izateko apustua garatzen jarraituko dugu.

Duela bost urte LAB aitzindaria izan zen ideia hauek agendan kokatzeko orduan, eta orduan planteatutako ideietako asko errotu dira euskal sindikalismoan.

Berritasunak

Aurreko Kongresuan hartutako erabakiak garatzeko kongresua izango da, baina berritasunak ere badakartza erabaki nagusien garapenean.

1. LAB ezker independentismoaren erreferentzia sindikal nagusia bilakatzeko apustua.

Sindikalismo soberanista ezin da geratu Euskal Estatuaren aldarrikapenean. Prozesu soberanista elikatu, bultzatu eta langileekin burujabetzaren aldeko pedagogia egin behar du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “ezin dugu estatuetatik inposatzen diren erreformen zain geratu, eta, ondoren, ondorioak gainditzeko borroka egitera mugatu. Esaterako, orain Langile Estatu berriaren eztabaida irekiko duela esan du Yolanda Diaz Lan Ministrak. Bada, guk eztabaida hori hemen Euskal Herrian egin behar dugu”.

LABek baditu bere proposamenak: Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzarako Lege propioa. Bertan, egungo eskuduntzetatik estatu propioa izan arteko trantsizioa marrazten dugu. Euskal Errepublikarako bidean, burujabetza praktikara eramateaz ari gara.

Idazkari nagusiaren arabera, “gehiengo sindikalaren aliantza saiakerak porrot egin du eta LABek bereganatzen du ezkerreko independentismoaren erreferentzia sindikal nazionala izateko ardura. Sindikatu nazionala izanik, eremu bakoitzeko errealitateari erantzungo dion estrategia nazionala zehazten dugu”.

2. Sindikalismoa birpentsatzen jarraitu

Bizitzaren eremu guztietara hedatzen ari den prekarizazioak modu batean edo bestean langile guztioi eragiten badigu ere, emakume, gazte, migratu edo arrazializatu, LGTBQ+ edo aniztasun funtzionala dutenak dira kaltetuenak.

Bestetik, langile guztiek ez dituzte beraien eskubideen defentsarako aukera berdinak,  gero eta langile gehiago dira sistemak bazterrean utzi nahi dituenak: plataforma digitaletako langileak, etxeko langileak, lan zentro berezietako langileak, lan munduan sartu atera dabiltzanak, ordezkaritza sindikalerako aukerarik ez dutenak….. Egoera guztiei erantzungo dien eredu sindikala garatu behar dugu.

LABek langile guztien lan eta bizi baldintzak borrokatzeko tresna eraginkorra izan nahi du eta horretarako nagusiki bi erabaki berri proposatu ditugu:

-LAB sindikatu antiarrazista bilakatzea dugu helburu. Antiarrizista bilakatzea, arrazista ez izatea baina zerbait gehiago dela ulertuta eta langile hauekin zor bat dugula aitortuz, zor koloniala.

Langile migratu eta arrazializatuen egoerari erreparatzea dagokigu, migrazio politika arrazisten ondorioak zeintzuk diren, atzerritar legearen eragina edota ematen diren lan esplotazio egoerak kontuan hartuz.

Honen guztiaren arabera, eskaintza sindikala zehaztu eta erabaki organizatibo berriak planteatzen ditugu.

-Lan osasunaren defentsa gure ekintza sindikalaren erdigunean jarri behar dugu. Lan istripuak eta laneko gaixotasunak ekiditeko, osasun galerak gertatu aurreko egoeratan gure ekintza sindikala indartuko dugu.

Prebentzio neurriak eskatu eta betearazten jarriko dugu indarra, instituzioei interpelazio zuzena eginez, dagokien erantzukizuna bereganatu dezatela eskatuz.

3. Zuzendaritza ereduan aldaketak

Eredu sindikalean eginiko berrikuntzak egitera goaz. Bestetik, kultura parte hartzailea sustatu nahi dugu. Delegatu eta afiliatuekin harremanak estutu eta parte hartzea areagotzeko plan estrategiko bat egingo dugu.

Garbiñe Aranburuk iragarri bezala, “zuzendaritza eredu horizontalago, kolegiatuagoa, partehartzaileagoaren aldeko apustua egiten dugu eta sindikatuan barne mailan, zein kanpora begira eraldaketa feministarako ematen ari garen urratsei jarraituz, idazkari nagusi bat izatetik bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugu Biltzarrera”.

Ardura maila berean egongo diren bi pertsonei buruz ari gara eta bi horietako bat, gutxienez, beti emakumea izango da. LAB lehen euskal sindikatua izan zen, 2008an, idazkari nagusi gisa emakume bat izaten. Orain planteatzen dugun urratsaren bidez, urrats hori kontsolidatuko dugu. “Bi ardura horiek betetzeko Igor Arroyo eta ni neu Garbiñe Aranburu aurkezten gara. Hemendik aurrera afiliatuena izango da hitza”, erantsi du egungo idazkari nagusiak.

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...