2024-11-25
HomeIndustriaBeiraVicrilako langileek mobilizazioak iragarri dituzte lantegiaren etorkizuna eta langileen bizitza-proiektuaren defendan

Vicrilako langileek mobilizazioak iragarri dituzte lantegiaren etorkizuna eta langileen bizitza-proiektuaren defendan

Vicrilako langileek lantegiaren etorkizunaren aldeko mobilizazioak iragarri dituzte, gogoratu behar da lantegia hartzekodunen lehiaketan dela eta isteko arriskua handituz doala. Zuzeneko 300 lanpostuetatik haratago daude jokoan eta Vicrilako langileak prest agertu dira lantegiren etorkizuna eta haien bizitza-proiektua defendatzeko.

"VICRILAKO ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA HARTZEKODUNEN LEHIAKETAREN AURREAN

Historia
Vicrila, 125 urtetako historiarekin, Bizkaian bizirik dagoen enpresa zaharrenetakoa da. Mahaiko beira ekoizten du eta Leioako Lamiako inguruan kokatzen da. 300 familiari ematen die lana zuzenean eta beste hainbesteri zeharka.

Urte hauetan zehar gure lan eskubideen eta soldaten zati bati uko egitera behartu gaituzte, aldi baterako bi EEEtik pasatzera eta gure poltsikotik enpresari dirua emateraino iritsi gara. Azken finean, behin baino gehiagotan euskal enpresa eredugarritzat saldu izan den operazio industrial hori geuk ordaindu dugu gure lan eta diruarekin. Inork ezin du esan gurea bete ez dugunik. Asko eta ondo ekoiztu dugu, jarri genuen dirua ere bueltatu ez diguten arren. Egun, estatuko kontsumo-merkatuaren %30aren jabe da Vicrila gure ahaleginari esker.

2014an, hauteskunde kanpaina betean, berriz agertu zen Eusko Jaurlaritza enpresaren Zuzendaritzarekin batera, Lamiakon plateren bigarren labe bat ezarriko zutela jakinarazten, 50 lanpostu sortuko zituena eta aberastasuna bere inguruan. Zergatik ez zen egin? Hauteskunde kanpaina izan zen soilik? Egin izango balitz bestelakoa izango litzateke egoera orain.

Egungo egoera
Interes zehatzek bat egin dutelako sartu da Vicrila hartzekodunen lehiaketan. Batetik, ARCrena, oso merke erosteko edo, batek daki, likidaziora eramateko… bigarrenik, egungo Zuzendaritzarena bere erantzukizuna eta eraginkortasun falta nabarmena ez onartzeko eta azkenik, Eusko Jaurlaritzarena, beste alde batera begiratu dueña, babestu eta parte den proiektuaren porrotaren aurrean.

Eta orain, beste behin, langileon bizkarretan utzi nahi dute etorkizunaren inguruko erantzukizun osoa.

Zer egitera goazen
Vicrilako langileok prest gaude lantegi honen etorkizuna eta gure bizitza-proiektuena defendatzeko. Egungo 300 enplegu zuzen baino gehiagotaz ari gara hitz egiten. Eta gizarteari eskatzen diogu lagun diezagun Vicrilak etorkizuna izan dezan eta berau duina izan dadin. Vicrilan, gure seme-alaben etorkizuna ere badago jokoan.

Gure etorkizunaren defentsan mobilizazioari ekitea erabaki dugu.

– Mobilizazioa Eusko Jaurlaritzari exijitzeko konponbidean duen erantzukizuna onar dezan eta langileon enplegu eta lan-baldintzen bermatzaile izan dadin.

– Mobilizazioa ARCri exijitzeko Vicrilaren erosketa ez merketzea gure lanpostu eta lan- baldintzen lepotik.

– Mobilizazioa egungo jabeek eta Vicrilako zuzendaritzak euren kudeaketa negargarria onar dezaten eta proiektu berri baternazko trantsizioa onartu.

– Mobilizazioa Leioako herri eta Udalarekin guztion artean industriaren alde egin dezagun eta proiektu espekulatzaileak uxatu.

Nola egingo dugu
Datozen egunotan gure jarrera berretsiko dugu eta mobilizazioen egutegia martxan jarri.

Iritzi publikoari jakinarazten diogu Vicrilako etorkizun duina defendatzera goazela eta babesa eskatzen diogula gizarteari, Vicrila defendatzea guztion ehun industriala defendatzea dela.

Lamiako (Leioa), 2016ko azaroak 04"
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.