2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaValentziako herriari elkartasuna adierazi eta larrialdi ekologikoak arrisku laboraleko protokoloetan jaso daitezen...

Valentziako herriari elkartasuna adierazi eta larrialdi ekologikoak arrisku laboraleko protokoloetan jaso daitezen aldarrikatzen du LABek

Larrialdi ekologikoaren eraginak ukaezinak direla adierazten du LAB sindikatuak, eta Valentzian jazotakoa kudeaketa neoliberalaren emaitza dela.

Oraindik ere Valentziako herrian zein inguruan gertatutako hondamendiaren kalte humano eta materialak neurtu ezinak dira. Astebete igarota, ordea, hainbat gogoeta egiteko moduan gaude.

Urteetan turismoaren ekonomiari eta neurrigabeko urbanismo basatiari bide eman zaio Mediterraneo aldeko kostaldean, naturarekiko inolako begirunerik gabe eta uholde arriskuko eremuetan eraikuntzak sustatuz, herritarrak haien bizilekuetatik kanporatuz eta langile jendearen bizitzak pobretuz eta prekarizatuz. Hamarkadetako politika neoliberal horiek zein klima larrialdiaren negazionistek kudeatutako instituzioen utzikeriak hondamendi naturalen aurreko erantzunean eragin zuzena dute, LABen ustez.

Egoera honi, PPk Gobernatzen duten Valentziako Generalitatearen politika eta kudeaketa negargarria gehitu behar zaizkio, alerta egoera berandu eta gaizki aktibatuz. Agerikoa den patronalaren biolentzia eta jarrera kriminala ere. Larrialdi egoera betean, milaka langile lan egitera behartuak izan dira, haien lanpostuetan jarraitzeko aginduak jasoz eta are, alarma guztiak piztuta haien lantokira joateko derrigortasunarekin. Egoera, gainera, DANA igaro osteko egunetan ere mantendu da: langileek uholdearen ondorioei aurre egiteko dituzten beharrez edota lantokiraino iristeko garraio zailtasunez ezaxola, lanpostura joatera derrigortzen dituzte enpresariek. Patronalak beste behin argi utzi du etekin ekonomikoak langileon bizitzen gainetik jartzen dituela eta nahiago gaituela arriskupean edo hilik produkzioa etetea baino.

Testuinguru horretan, gogor salatu behar dugu eskuin muturrak hondamendia bere agenda erreakzionarioa ezartzeko baliatzeko saiakera egin izana. Erantzunkizunak hirigintza eredu neoliberalean, berandu erreakzionatu zuen Valentziako Gobernuan edota patronalean bilatu beharrean, ezegonkortasuna eragin eta botere eremu guztiak bereganatzea dute helburu.

LABek aspalditik egin ditu bere krisi ekosozialaren diagnostikoak eta krisi klimatikoaren arriskuak. Urgentziazko trantsizio energetiko justua defendatzen dugu, langileon bizi baldintzak bermatuko dituena eta berotegi efektuko gas isurien erantzule diren erregai fosilen mendekotasunetik aterako gaituena. Izan ere, krisi ekologikoaren ondorioen artean, aurreikusi gabeko fenomeno meteorologiko bortitzei aurre egin beharko diegu, gero eta gehiagotan. Horregatik, gure ekintza soziosindikalaren bidez, langileon bizitza eta planetaren zaintza patronalaren etekin ekonomikoaren gainetik jartzeko borroka dagokigu, zalantzarik gabe.

Norabide horretan aritu gara bero garaian lan osasunaren ikuspegitik tenperatura altuei aurre egiteko protokoloak lantzen. Eta, bide beretik, Valentzian jazotakoen irakaspenak gurera ekarrita, Lan Ikuskaritzan, Osalan eta NOPLOIren alerta egoera abisuak berariaz arrisku laboralen protokoloan lanaldia eteteko arrazoi gisa jaso daitezen iniziatibak erregistratuko ditugu, larrialdi egoerek salbuespenezko jokabideak eskatzen dituztelako, eta egoera horietan lehentasunez langileak babestu behar direlako, berme guztiekin eta txantaiei aurre egiteko tresnekin, euren lanpostua uzteko aukera izan dezaten.

Inizitiba sindikal honekin batera, LABek Valentziako herritarrekin elkartasunez eta Intersindical Valentzianako bidelagunekin elkarlanean, lantokietara eramango du DANAren kaltetuentzako dirua biltzeko proposamena. Modu berean, larunbat honetarako deituta dagoen mobilizazioan parte hartuko du sindikatuak. Larrialdi egoerak aurreikusi, bizitzak babestu eta neurri politikoak hartzeari uko egiten diotenek dagokien ardura eta erantzukizuna hartu behar dute. Valentziar langileen aldarriarekin bat egin eta PPren Gobernuaren ardura seinalatzen dugu, Mazon presidentearen dimisioa eskatzen dugu eta eskuin muturra hondamendi betean egiten ari den instrumentalizazio lotsagarria salatzen dugu.

Gurea klase elkartasuna delako, larunbatean Valentzian izango gara, lantokietan elkartasuna antolatuko dugu eta krisi ekosozialaren aurrean langileon bizitzak eta, planetaren zaintza lehenetsita, iniziatiba sindikalak hartzen jarraituko dugu.

Valentziar herria, zuen ondoan gara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...