2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakKontserberakUrtebeteko negoziaketa zailen ostean iritsi da akordioa Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen...

Urtebeteko negoziaketa zailen ostean iritsi da akordioa Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektorean

Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko langileek aurreakordioa lortu dute, sindikatuak eta patronalak 12 hilabetetan 19 aldiz bildu eta gero. Lanuzteak deituta zeuden aste honetarako, baina, azken bileran, LAB, UGT eta CCOO sindikatuok patronalarekin adostasuna lortu eta gero, lanuzteak bertan behera utzi eta akordioa erdietsi dugu. LABek jakinarazi duen moduan, zaila izan da adostasun batera iristea. Akordatutako gaien artean, soldatak eta lizentziak izan dira gakoak. "Langileen artean emakumeak nagusi diren sektorea da, eta, hau horrela izanik, lizentzia eta beharrizan bereziak behar dituzte izan", adierazi dugu gaur eskainitako agerraldi batean.

LABen Gernikako egoitzan agerraldi bat egin dugu gaur, akordioaren nondik norakoen berri emateko.

Hitzarmena hiru urteetan indarrean egotea adostu dugu patronalarekin, hots, 2018, 2019 eta 2020an. Urteroko soldata igoerak ere adostu ditugu, aurreko urteko KPI +%0,25.

Era berean, beste lorpen batzuen artean, batzorde bat eratuko da Berdintasun Plana adosteko, 50 langiletatik gorako enpresetan, kategoriak aztertzeko; sindikatu eta enpresa bateko delegatuen artean ordu sindikalak akumulatzea ahalbidetuko da; lizentzietan hobekuntzak adostu dira; eta mahai negoziatzailearen aurretik lortutako akordio guztia mantentzea erabaki da.

Baimenei dagokienez, osasun arazoengatik espezialistarengana jo behar izanez gero, langileek behar dituzten orduak izango dituzte eskura. Bestalde, senideei laguntzeko zortzi ordu eta ospitaleratuta dauden senideak zaintzeko bost egun izango dituzte. Egun bakarreko ospitaleratzeetarako ere baimena izango dute.

Hitzarmen berria eragin orokorrekoa da. Alde sozialaren eta patronalaren gehiengoak sinatu duenez, kontratu iraunkorrak edo aldi baterakoak dituzten guztiek jasoko dituzte onurak, eta hori oso garrantzitsua da. Akordio honi esker, Estatu mailatik datozen mehatxu eta erasoen aurrean sektoreko langileen lan baldintzak babesten dituen hitzarmen bat dugu orain. LABetik hainbestetan oihukatzen dugun “hemen lan egin, hemen erabaki” aldarrikapena egikaritu dugu oraingoan eta hori lorpen oso garrantzitsua da, lan harremanetarako euskal esparruaren defentsan dihardugunontzat. Paradoxikoa da aldarrikapen hori bera duen sindikatu batek akordio honekin bat egin ez izana eta sindikatu horrek berak estatalizazioaren aurkako borroka Madrilen kokatzea, zer eta Estatalizazioa bultzatu duten eragileei eskua luzatuz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...