2024-11-07
HomeEkintza SindikalaUrte hasieratik lau langile hil dira basogintzan Euskal Herrian

Urte hasieratik lau langile hil dira basogintzan Euskal Herrian

LAB sindikatutik irmoki salatzen dugu atzo arratsaldean, Karrantzan, baso lanetan ari zen langilearen lan heriotza. FORESTAL JOMACAR SL enpresako langilea zen, eta 45 urte zituen. Dagoeneko basogintza sektorean 4 langile hil dira aurten Euskal Herrian.  Dagoeneko 35 langile dira, gutxienez, aurten lan istripuz Euskal Herrian hildakoak. Laneko azken heriotza honen aurrean, gehiengo sindikalak mobilizazioa egingo du abuztuaren 9an, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean (Gran Via, 25), 12:30etik aurrera.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu hildako langilearen familia, senide eta adiskideei.

Baso lanen sektorean, arriskuak handiak dira; besteak beste, makinaria arriskutsuak erabiltzen dira, kontrako klimatologia, lur malkartsuetan lana… sektore honetan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, langileen osasuna eta bizitzaren gainetik irabazi ekonomikoak nagusitzen direlako, hemen ere.

Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzeko eskatzen dugu; lan baldintzak eta lan erritmoak, barne. Erantzuleak seinalatu behar dira.

Kezkagarria eta asaldagarria gertatzen ari zaigu lan istripuak gero eta gehiago izatea urtez urte. Lan istripuen gorakada prekarizazio politikaren ondorio zuzena da, baita erakundeek lan osasunean egiten ez duten kontrol zehatzarena ere. Lan arriskuen prebentzioan behar diren neurriak hartuz gero, eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan istripuek ez lukete zertan gora egin behar.

Instituzioei eta gobernuei beste aldera begiaratzeari uzteko eta behingoz lan osasun politikak errotik aldatzea exigitzen diegu, sarraski honen aurrean neurriak hartu eta lanean ematen diren istripuak ekiditzeko beharrezko diren politika errealak martxan jar ditzaten. Horretarako, interes ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubideen, segurtasunaren eta osasunaren alde. Klase sindikalismoak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko, dei egiten dugu langile klaseari antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Ildo beretik, eredu justu eta langileen segurtasuna eta osasuna aintzakotzat hartuko duen marko propio baten beharra aldarrikatu nahi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua: bidea zabalik pribatizatzeko

LAB sindikatutik, Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua zehatz-mehatz aztertu ondoren (une honetan ekarpenak egiteko fasean dago), egiaztatu dugu ezen, onetsiz gero, zailtasun asko egon daitezkeela osasun zerbitzu publikoari eusteko eta herritar guztiei osasun arreta egokia emateko, bai eta langileek gaur egun dituzten lan baldintzak eta eskubideak mantentzeko ere.

Ez dago benetako absentismo arazorik, lan osasuneko araudia errespetatzen ez duen patronala baizik

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik The Artist hoteleraino. Izan ere, Confebask EAEko patronalak jardunaldi batzuk egin baititu bertan, “Revisión y análisis del absentismo laboral en Euskadi” izenburupean.

Kolonbiako ordezkaritza batekin bilera egin dugu

Gaur LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenzek bilera izan du Kolonbiatik etorritako ordezkaritza batekin, Iruñeko gure egoitzan. Ordezkaritza hau Kolonbiako Preso Politikoekiko Elkartasun Komiteko lehendakari den Oscar Ramirezek eta Estatu Krimenen biktimen Mugimendu Nazionaleko (MOVICE) bozeramaile Rosario Montoyak osatu dute, haiekin batera etorri den Intersindical Catalanako Jordi Campadabaleekin batera.