2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaUrriaren 5ean Euskal Presoen eskubideen defentsan eta konponbidearen alde manifestazio nazionala Bilbon

Urriaren 5ean Euskal Presoen eskubideen defentsan eta konponbidearen alde manifestazio nazionala Bilbon

Tantaz tanta Euskal Presoen eskubideen alde
Tantaz tanta konponbidearen alde


Alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozial ezberdinok Herrira herri-mugimenduaren aurka egindako eta erabaki pokitiko baten atzetik datorren operazio poliziala arbuiatu dugu gaur Bilbon. Era berean, espainiar estatuari euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena helarazteko, eta atxilotuekiko gure elkartasuna adierazteko, larunbatean, urriak 5, Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu nahi dizuegu euskal herritar guztiei. 

Alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozial ezberdinok Herrira herri-mugimenduaren aurka egindako operazioari buruzko iritzi bateratua

Tantaz tanta Euskal Presoen eskubideen alde. Tantaz tanta konponbidearen alde
Prentsaurreko honetan agertzen garen alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozialok iritzi publikoari helarazi nahi diogu Herrira herri-mugimenduaren aurka egindako operazioari buruzko iritzi bateratua, batetik, eta gertakari hori dela-eta elkarrekin emango dugun erantzunaren berri, bestetik.

Hasteko aipatu beharra daukagu hemen bildutako erakundeok Herrirarekin normaltasunez ditugula harremanak, eta horri eutsi egingo diogula. Asko partekatu izan dugu, elkarrekin lan egin dugu eta gure artean erakundeen zein pertsonen arteko harremanak daude. Erakunde horretako hainbeste militante eta arduradun atxilotu izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, edozer baino lehenago, atxilotuekiko eta hauen senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Halaber, ez dugu ezkutatu nahi beldur garela azken orduotan egoitza polizialean jaso dezaketen tratua medio.

Erabat arbuiatzen dugu ekintza judizial, polizial eta mediatiko hau gidatu duen erabaki politikoa. Izan ere, erabaki honek eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak urratzen baititu. Herrira gurean erakunde aski ezaguna dugu: bere ekintza publikoa da; gure inguruko erakunde sozial eta politiko asko eta askorekin dago harremanetan, eta haiekiko lankidetza bilatzen du; bere ekimen guztiek hiru ezaugarri izan dituzte, eta uneotan ezinbestekoa da horiek nabarmentzea: baketsuak izan dira, elkar ulertuz pluraltasuna izan dute helburu, eta betiere giza-eskubideen defentsa izan dute ardatz.

Horrenbestez, guretzat begibistakoa da bidegabekeria honek helburu politiko bat, edo hainbat, duela. Lehena, ageri-agerikoa, euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea. Noiz, eta argitaratzekotan denean espainiar estatuak presoekiko ezarri duen zigorren luzapen krudelari buruzko epaia. Kriminalizazioa medio espainiar gobernuak aldez aurretik zuritu nahi du bere jokabidea, giza-eskubideen auzitegi europarrari kargu hartuko bailioke estatu-arrazoiaren aurkako epai bat emanez gero.

Bigarrenik, operazio honekin sine die luzatu nahi dute itun antiterroristaren aro politikoa, hots, makrosumario eta ilegalizazioek markatu duten aroa. Gure herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea da xedea, hark irtenbideen aldeko jarrera izanagatik, ataka antirrepresiboan kateatuta gera dadin eta bere garapena galarazte aldera. Horixe da estatuaren “immobilismo” delakoaren helburua: Euskal Herrirako agenda bakarra aparatu guztien mobilizazio itsua da: errepresiboak, judizialak, instituzionalak nahiz komunikabideetakoak.

Hirugarrenik, nabarmena iruditzen zaigu makrooperazio honen keaz estali nahi dituztela egun espainiar gobernuan dagoen alderdiak dituen konta ezineko arazoak, esaterako, bi besterik ez aipatzearren, ustelkeria kasuak edota erabakitzeko eskubidearen aldeko erreibindikazio nazionalak gori-gori egotea. Ideia honen isla biribila da zein unetan datorren operazio hau, hain zuzen gobernuak justiziak erreklamatutako torturatzaileak atxilotzea ukatu duenean.

Laugarrenik, uste dugu era honetako operazioekin saiatzen ari direla presoen auzia gutxi batzuren arazo bihurtzen. Horregatik, gogoratu beharra daukagu hemen bildu garen erakundeok preso eta errefuxiatuekiko eskubideekin zalantzarik gabeko konpromisoa hartu dugula, eta konpromiso horri ez diogula amore emango, estatua setaz saiatuagatik ere. Hain zuzen, operazioa nolabait gure aurka ere badoa, eskubide horien defentsan Herrirarekin lanean ari izan baikara azken aldion.

Horregatik, sinetsita gaude erantzun zabal eta irmoa bultzatu behar dugula bidegabeko operazio honen aurka. Atzo goizetik bertatik erantzuna emateko dozenaka ekimen izan da gure herrietan eta eskualdeetan. Horiekin batera, hemen gauden antolakundeok iragartzen dugu Bilbon manifestazio nazionala izango dela datorren larunbatean, urriak 5, arratsaldeko 5.30etan, La Casillan hasita. Gure helburua da espainiar estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuekin, berehala libre utz ditzatela exijituz.

Ekitaldia deitzen dugun erakundeok lan egingo dugu mobilizazio honek aste honetan babesik zabalena izan dezan. Hots, lan egingo dugu Herrirak egiten duen gisan, “Tantaz tanta, gota a gota”, guztion eskubide eta askatasunen defentsan elkar ulertzeko ahaleginez.

Sinatzaileak/Firmantes:
Alternatiba
Aralar
Askapena
Bai Euskal Herriari
Behatokia
Bilboko herri mugimendua/Movimiento popular de Bilbao
Bilgune Feminista
CGT
Egiari Zor Fundazioa
EHNE
ELA
Eleak mugimendua
Elkartzen
EPPK bitartekaritza
Erabaki
Ernai
ESAIT
ESK
Eskubideak
Etxerat
Euskal Herrian Euskaraz
Eusko Alkartasuna
Ezker Batua
GITE-IPES
Gorripide
HIRU
Ikasle Abertzaleak
Joxemi Zumalabe Fundazioa
Komite Internazionalistak
LAB
Sare antifaxista
Sortu
STEE-EILAS
Taupaka, sortzaileon elkartea
Torturaren Aurkako Taldea

 

LAB sarean
{module[111]}

       

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...