2025-01-10
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaUrriaren 3an aurkeztuko dugu Huerta de Peraltako borrokari buruzko dokumentala

Urriaren 3an aurkeztuko dugu Huerta de Peraltako borrokari buruzko dokumentala

Huerta de Peraltako borrokari buruzko dokumentala egin du LAB sindikatuak. Urriaren 3an estreinatuko dugu, Burlatako kultur etxean, 19:30ean. Unai Redinek idatzia eta zuzendutako lana da, eta sindikatuak ekoitzita.  
 
Dokumentalaren sinopsia:

Huerta de Peraltan, nekazaritza produktuak ekoitzi eta ontziratzen dituzten Nafarroako enpresa handienetariko batean, lan hitzarmena betetzen ez zutela erratea oso gutxi erratea da. Langileek -gehienak etorkinak- 11, 12, 13 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, ez zizkieten jaiegunak eta oporrak ordaintzen, ez zizkieten plusak, kategoriak eta antzinatasunak ordaintzen… Eta hori guztia arrazakeriatik zein xenofobiatik gertu zegoen giro zapaltzaile batetaz inguraturik.

Gehiago jasaterik izan ez zutenean, langileek jakin zuten beren buruak antolatzen eta, LAB sindikatuaren babesarekin, injustiziei aurre egiten joan ziren, egoera hobetzen joan ziren. Aitzitik, zaurituriko basapiztien gisara erreakzionatu zuten patroiek eta hainbat langile kaleratu eta zigortu zituzten. Langileak, baina, ez ziren kikildu eta greba mugagabe batekin erantzun zuten, langile klase guztiarendako eredu izan zen greba batekin. Grebalariek 28 egunez erakutsi ziguten zelako balioa duen borroka eta duintasuna antolatzeak, nolako balioa duen esplotazioari eta prekaritateari elkarrekin aurre egiteak.

Langileen aldetiko protagonistek gogorarazi dizkigute gertaera haiek, orduko hotz klimatologiko hura, bero solidario hura, kolpe haiek, kontsigna eta mobilizazio haiek, eta injustiziari aurre egiteko etsenplu ederra oparitu digute.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Baskonia-Alavesek bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, Baskonia-Alavesen dendaren aurrean, urteko lehen lan heriotza salatzeko. Urtarrilaren 7an, Baskonia-Alavesen obra batzuetan lanean ari zen I.R.T. 54 urteko langilea hil zen, lurrak mugitzeko makina batek harrapatuta. Construcciones Urrutiak azpikontratatuta, Excavaciones Mendiola enpresarentzat ari zen lanean.

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileak erregistratu ditugu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan

Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala isladatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa izango litzateke. Lanbidearteko Akordioa eta Herri Ekimen Legegilea bide osagarriak direla ulertuta, bi bide horiek lantzearen alde egiten dugu.