2024-12-23
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaUrriaren 24an ALTERNATIBEN HERRIA Bilbon

Urriaren 24an ALTERNATIBEN HERRIA Bilbon

Urriaren 24an ALTERNATIBEN HERRIA Bilbon. “Bizitza burujabea eskubide osoz”
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta


Bide luzea dauka Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen elkarlanak. “Krisi” deitu izan den lapurreta hau hasi zenean, euskal gehiengo sindikala hasi zen erantzuna artikulatzen, ondoren elkarlana eragile gehiagotara zabaldu zen, eragile sozial eta sindikalen Gunearekin, ezberdinen topaleku.

Erantzun dinamika honetan inflexio puntua ekarri zuen Eibarren abiatu genuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prozesuak. Hamarnaka eragilek, sindikal eta sozialek, “herritarron konstituzioa” osatu genuen, alternatiba geneukala erakutsi eta prozesu zabal eta parte-hartzailea antolatu genuen, urtebetez luzatu zuena, behetik gorakoa. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 128 txokotara eraman genuen prozesua eta 145 eragilek hartu zuten parte.

2014ko maiatzaren 31n asanbladan onartu zen arte, ehundaka bilera, hausnarketa, antzerki eta bestelako ekimenak egin ziren. Anitza eta aberatsa izan zen eztabaida.

Iazko udazkenean, aurrera begirako erronkak zehaztu genituen. Batetik mobilizazioa eta bestetik, alternatiba, eredu berria lantzea. Bizitzaren iraunkortasuna erdigunean ipini eta honetan oinarrituko den eredu berria. Lan hauetarako, bi ekimen zehaztu genituen, martxoaren 14ko manifestazio nazionalak eta urriaren 24ko Alternatiben herria.

Azken hau aurkeztera gatoz gaur. Eragile batzuk hasieratik bizi izan dute prozesua, beste batzuk hasiberriak gara. Aldarrikapen eta ospakizun eguna izango da Alternatiben herria, bizia ematen diguten hamaika proposamenen erakuslehio, Kartaren ardatz nagusiak jarraituz. Honetaz aparte, jarraipena eman nahi diogu Bizi mugimenduak, 2015eko abenduan Parisen klima aldaketari buruzko goi-bilera dela eta, Alternatibak antolatzeko egindkao deialdiari, “sistema aldatu, ez klima” lemapean.

Alternatiben herria eragile ezberdinen elkarlanaren ondorio da. Egun honetan, Euskal Herrian dauden alternatiba guztientzako espazioa izan behar du, eta honetaz aparte, egon daitezkeen gogoeta ezberdinek ere lekua izan behar dute.

Urriaren 24rako egun osoko egitaraua ari gara prestatzen, itsasadarraren albo bietan garatuko litzatekeena. Formatuari dagokionez, erakusketarako espazioak, gogoetara bideratutakoak eta jai-girokoak uztartuko ditugu.

Manifestu batean zehaztu ditugu ekimenaren helburuak:

o Euskal Herriak, herri gisa alternatibak badituela zabaltzea eta beste eredu sozial hori zehazten hastea.
o Euskal Herriko Mugimendu Sozialaren kohesioan urratsak ematea.
o Trantsizio sozial eta ekologikoa lortzen bidean gizartearen aktibazio eta mobilizazio beharra azpimarratzea eta horretarako gonbita egitea.
o Alternatiben Herriaren ondoren alternatiba guzti hauek elkarlanean jarraitzea.

Alternatibak ezinbestean daude lotuta eskubideekin. Eta eskubideak eta hauen garapen eta egikaritzea, burujabetzarekin, zentzu pertsonal zein kolektiboan. Kapitalaren erasoak boterea kendu egin digu herritarroi, eta boteretzea dagokigu orain, egun indarrean dauden botereek eraman nahi gaituzten ezintasuna gaindituz. Horretarako ezinbestekoa da burujabetza, norbanako zein herri moduan.

Gune ezberdinak egongo dira Alternatiben herrian. Bilbon, itsasadarraren bi aldeetan ardaztuko dugu espazioa. Gune ezberdinei “auzoak” deitu diegu guk. Hauetariko bakoitzean, arlo bakoitzean martxan dauden alternatibak ezagutaraziko dira ekimen ezberdinen bidez.

Orain, gune bakoitzeko jarduerak definitzen ari gara. Honetarako, batzar zabaletara deituko ditugu eragileak, modu parte-hartzailean Alternatiben Herria defini dezaten. Jarraian dituzue “auzoak” eta bakoitzak zehaztutako bilera datak:

Natura. Energia burujabetza, klima aldaketa, hondakinak, mugikortasuna, elikadura burujabetza, kontsumoa… Ekainaren 23an 17:30ean Ekoetxean (Pilota kalea, 5-Bilbo).

Ekonomia eredua. Finantzak, txanpona, ekonomia sozial eraldatzailea, aberastasunaren banaketa, enplegua. Ekainaren 16an 15:30ean REASen Bilboko egoitzan (Plaza Venezuela, 1 – 2. Ezk ezk).

Demokrazia, burujabetza eta partehartzea. Eredu ekonomiko, sozial, kulturala eta politikoa erabakitzeko eskubidea, partehartze soziopolitikoa, partehartze prozesuak, herrien arteko elkartasuna… Ekainaren 23an 16:00etan LABen Bilboko egoitzan (Errekalde Zumarkalea, 62).

Bizitzaren iraunkortasuna. Zaintza, harremanak, gorputzak… Ekainaren 18an 18:30etan Bilboko La Bolsan.

Aniztasuna. Jatorria, identitatea, sexua zein funtzionalitatearen inguruko aniztasunaren kudeaketa. Ekainaren 22an 16:00etan LABen Bilboko Egoitzan (Errekalde Zumarkalea, 62).

Ondare komuna. Euskal hizkuntza, hezkuntza, euskal kultura.

Ekimen hau iragartzeko, bloga jarri dugu martxan, alternatibenherria.eus helbidean, baita twitter zein Facebook kontuak ere. Blogean, manifestu bat aurkituko duzue, eta honi atxikimendua emateko aukera, bai norbanako zein talde bezala.

Udari begira, kartel eta eskuorriak ere banatuko ditugu Euskal Herri osoan zehar. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...