2024-12-22
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaUrrian izango da Emakumeon Mundu Martxaren Nazioarteko Topaketa, Bilbon

Urrian izango da Emakumeon Mundu Martxaren Nazioarteko Topaketa, Bilbon

“Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara!”, hori da Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketei harrera egiteko hautatu duten lema. Urriaren 22tik 28ra bitartean, Bilbon izango da Nazioarteko Topaketa. Aste osoan zehar, 40 herrialdetako 130 emakumek baino gehiagok hartuko dute parte, herrialdeetako ordezkariak batzuk, eta antolakunde aliatuak besteak. Agerraldiua egin dute gaur, xehetasunak emateko.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren oharra:

2016an, Mozambiken egin zitzaigun Nazioarteko Topaketa Euskal Herrian egiteko proposamena, eta gustoz onartu genuen erronka Euskal Herriko Mundu Martxaren asanblada irekian.

Euskal Herriko mugimendu feministak duen indarra da Topaketak hemen egitearen arrazoi nagusia. Eta noski, Mundu Martxak herri honetan izan duen izaera herritarra eta aliantzak sortzeko gaitasuna ere bai. Baina horrez gain, kontuan izan dugu, munduko hainbat txokotatik datozen askotariko emakumeentzat leku seguruagoa dela Euskal Herria. Badakigulako zenbait herritan nolako jazarpena bizi duten bizitzaren defendatzaileek, lesbianek, emakume borrokalariek… Hemen, baditugu espazio seguru bat sortzeko baldintzak, eta horretan saiatuko gara.

Urriaren 22an, arratsaldez, izango da Topaketaren irekiera. Ekitaldi irekia izango da eta bertara gonbidatzen dugu mugimendu feministako emakume oro, herri mugimenduko feministak, eta orokorrean, Euskal Herriko jendarte feminista.

Behin hasiera emanda, Nazioarteko Topaketak bere egitarau propioa izango du: urriaren 23tik 26ra herrialdeetako delegatuek eta antolakunde aliatuetako ordezkariak Bilboko Bizkaia Aretoan bilduko dira. Alde batetik, testuinguru orokorraren eta honek emakumeongan duen eraginaren inguruan hausnartuko dute. Eta bestetik, V. Nazioarteko Ekintza antolatzeari ere ekingo diote. Azken Nazioarteko Ekintza 2015ean egin zen, gogoan izango duzue nola pasa zen karabana feminista Euskal Herri osotik. Bada, hemendik bi urtera, 2020an izango da hurrengoa.

Nazioarteko Topaketen aukera baliatuta, Euskal Herrian geure egun propioa antolatzeari ekin diogu: FEMINISTON HERRIA. Urriaren 27an, larunbata, espazio ireki bat sortuko dugu, hemen, Bilboko Areatzan.

Feministon Herria alternatiba eta erresistentzia feministak erakusteko lekua izango da. Euskal Herriko eragile eta talde feministak euren herri eta hirietan etengabe ari baitira alternatibak eraikitzen, Emakumeon Mundu Martxaren lau ekintza eremuetan: Sistema arteko indarkeria, bizitzaren iraunkortasuna, gorputzak eta sexualitateak eta sarean lan egitea eta aniztasunaren kudeaketa. Herri eredu berri baten alde, herri feminista baten alde sortuko dugu Feministon Herria.

Emakumeon Mundu Martxaren plataforma osatzen dugun sentsibilitate eta gorputz anitzak ikustarazteko espazioa izango da Feministon Herria: lesbianak, migranteak, aniztasun funtzionala duten emakumeak, emakume baserritarrak, neska gazteak eta ertzetan gaudenak, beste askoren artean. Aldi berean, Topaketan parte hartzera etorri diren herrialdeetako ordezkariak eta Euskal Herriko mugimendu feminista elkartuko dituen leku bat sortu nahi dugu, asko baitugu elkartrukatzeko.

Baina aurtengo gure proiektuak ez dira urriko azken astera mugatzen. Erailketa sexisten kontrako protokoloa indartzeko eztabaida prozesu bat dugu martxan, kolektibo anitzengana heltzeko protokoloaren askotariko euskarriak sortzen ari gara, gure asanblada irekiak ditugu, eta gorputzen eta lurraldeen burujabetzaren inguruko formazio saioak egingo ditugu. Gainera, Topaketarako motorrak berotzen joateko irekia izango den formazio jardunaldi bat egingo dugu irailaren 28 eta 29an Iruñean, sistemarteko indarkeriaren eta lurralde eta gorputzen burujabetzen inguruan.

Kontu hauen guztien inguruko informazioa ematen joango gara, horretarako web orri berritu bat dugula esan behar dizuegu: www.emakumeenmundumartxa.eus, eta noski, sare sozialeran ere joango gara informazio ematen. Eta zuen aldetik edozein ekarpen egin edo prozesuan parte hartzeko gogoa baduzue, idatzi emakumemartxa@gmail.com helbidera, eta gustoz hartuko dugu.

Herri feminista bat eraikitzeko prozesua kolektiboa da, ez dugu zalantzarik: gutako bakoitzarena, Euskal Herriko mugimendu feministarena, eta sistema kapitalista, heteropatriarkar, arrazista eta kolonial honek zapaltzen dituen lurralde eta mugimenduena… DENONA! Elkarrekin goaz, emakume borrokalari askok ireki zuten bidean, eta esan dugun moduan, urrutira heltzeko asmoa dugu: gure lurraldeen eta gorputzen burujabetzara! Bide horretan, Nazioarteko Topaketa eta Feministon Herria urrats bat gehiago izatea nahi dugu, atzera bueltarik gabeko beste urrats bat.

Askotan errepikatu dugun bezala: martxan jarraituko dugu denok aske izan arte! Batu indarrak, urrutira goaz!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...