2024-12-19
HomeIndustriaMetalgintzaUrkulluren dimisioa eskatu dugu Bizkaiko Metalgintzako langileei bizkarra emateagatik eta patronalarekin lerrokatzeagatik

Urkulluren dimisioa eskatu dugu Bizkaiko Metalgintzako langileei bizkarra emateagatik eta patronalarekin lerrokatzeagatik

Bizkaiko Metalgintzako langileek greba egin dute gaur, aste honetako lehena. Orotara sei greba egin dituzte aurten. Langileek emandako erantzun ikusgarri eta miresgarriarekin batera, Iñigo Urkullu lehendakariak goiz honetan egindako adierazpenak gogor salatu nahi ditugu. Izan ere, Confebask eta FVEM-ekin lerrokatu da publikoki, modu argi batean, langileei bizkar emanda eta patronalaren aginduetara.

Urkulluk azken aldian zer irakurri duen galdetzen diogu gure buruari, FVEM eta sindikatuen artean azken urte eta erdian egondako bileretako aktak ala patronalek bidali dioten barne zirkular eta aginduak. Oso larria da. Urkulluk herri honen %2 babestu du, aberastasuna metatzen duten horiek babestu ditu, eta bizkar eman dio langileriari. Horregatik eman behar du dimisioa. Langile herri batek ezin du izan lehendakaritzat patronalaren morroi bat.

Era berean, salatu nahi dugu poliziaren jarrera, Durangaldean eta Eskumaldean batez ere; piketeei dagokien eskubidea urratu die behin eta berriro, patronalaren mesedetan. Horren adibide, goizeko 5:00etan eta 6:00etan, Elorrio eta Abadiñoko enpresetara hurbiltzen ere ez diete utzi piketeei, eta hauek ezin izan dute langileekin hitz egin. Poliziak agindu zuzenak zituen, grebaren aurka, langileen aurka, kapitalaren mesedetan.

LABek langile guztiak zoriondu nahi ditu. Grebaren jarraipena orain artekoetan handiena izan da, %85 ingurukoa, eta Bilboko manifestazioa ere orain artekoetan jendetsuena. Azpimarragarria da, pentsiodunek gure borrokarekin bat eginik, Bizkaia osoan 25.000 pertsona mobilizatu garela hitzarmen duinaren alde, horietatik 18.000 Bilbon. Horregatik, argi eta garbi esan nahi dugu borroka hau ere ezinbestekoa dela gure etorkizuneko pentsio duinak bermatzeko, pentsio duinen borroka gurea ere badelako.

LABek bere prestutasuna adierazten du Bizkaiko Metalgintzarako hitzarmen duin bat sinatzeko, baina ez dugu eskubide lapurretarik onartuko, eduki duinak barnebilduko dituen hitzarmen bat baizik. Horregatik, berriro ere langileak zoriontzearekin batera, aste honi gogor eta tinko eusteko gure animo guztiak bidali nahi dizkiegu; eta, nola ez, bidelagun izango gaituztela adierazi.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.