2024-12-23
HomeIndustriaPapergintzaUnipapel enpresako langileek greba amaitutzat eman dute zuzendaritzarekin akordio batera iritsi ostean

Unipapel enpresako langileek greba amaitutzat eman dute zuzendaritzarekin akordio batera iritsi ostean

Unipapel lantegiko Enpresa Batzordeak atzo zuzendaritzarekin adostutako akordioa ezagutzera eman dute gaur. Zuzendaritzak urte eta erdian ez ditu soldatak jaitsiko, ez du produkzioa beste lantegi batera eramango eta ez ditu kaleratzeak egingo. Proposamena langileek gehiengoak babestu du, 56 langiletatik 51k.

Enpresa komiteak eskerrak eman dizkio euren elkartasuna adierazi eta UNIPAPELeko langileei modu batean edo bestean laguntza eta babesa eman dien herritar orori eta Adunako Udalari, Antaliseko langileei -gogoratu eurek ere borrokan jarraitzen dutela-, eta beste hainbat enpresetako langile eta ELA eta LAB sindikatuetako militanteei bereziki.

Unipapel Enpresa Batzordearen irakurketa

2013ko Uztailean, bost urtetarako bideragarritasun plan bat abian jarri behar zuela eta, UNIPAPEL-eko zuzendaritzak langileen soldatak jaitsi egin zituen. Modu nabarmenean gainera.

Duela hilabete eskas, lantegia jabez aldatu behar zutela jakinarazi zuen, eta honekin batera neurri gogorrak eta alde bakarrekoak hartzea aztertzen ari zela esan zuen zuzendaritzak. Neurri hauen artean: produkzioaren zati gehiena beste lantoki batzuetara eramatea, soldata jaitsiera berriak, despidoak, etab.

Momentu horretan, UNIPAPEL-eko langileak planto egitea erabaki zuten, lanpostuak eta lan-baldintzak bermatzeko eta hartu beharreko neurriak adostuak izateko asmoz. Aho batez hartutako erabakia izan zen gainera.

Gatazka gogorra eta korapilatsua izan da dudarik gabe.

Orain dela lau egun Ertzaintzak arrastaka ibili gintuen leku honetan, izan ere, delitua betetzen utzi, 3 kamioiei kargatuta ateratzen utzi, eta gainera delitua egiten ari ginenak gu ginela sentiarazi eta jakinarazi zitzaigun. Aski da, langileen kontrako erasorik ez! Gure helburu bakarra gure lanpostu eta eskubideak defendatzea da.

Baina gaurkoan, hainbeste egunetan egon garen leku honetan bertan, langileen borrokak merezi izan duela esatera etorri gara. Langile borroka baita, egun pairatzen ari garen eraso guzti hauen aurrean beste irtenbide bat posible egingo duen tresna bakarra. Egoerak horixe erakutsi digu, askotan beldurrak, zalantzak… baditugu ere, borrokaren bidez gure helburuak bete daitezkeela berriro ere argi ikusi dugu.

Atzo, UNIPAPEL-eko zuzendaritza eta langile ordezkariak adostasun batera iritsi ginen:

Zuzendaritzak urte eta erdian ez ditu soldatak jaitsiko, ez du produkzioa beste lantegi batera eramango eta ez ditu kaleratzeak egingo.

Datorren astean, negoziaketa berriak hasiko dira langile eta zuzendaritzaren artean, irtenbide adostuak eta ez traumatikoak bilatzen saiatzeko, batez ere aurretiko erretiroen aukera landuz, eta Adunako lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko helburuarekin.
Adostasuna lortuko bagenu, lanpostuak eta lan-baldintzak epe luzeagorako bermatuko dira.
Atzo egindako langile batzarrean, gehiengo zabal batek proposamena babestu zuen, izan ere 56 langiletatik 51k alde bozkatu baitzuten.

Langileak, urtarrilaren 20ean hasitako greba mugagabea bertan behera utzi, eta gaur bertan lanean hasi dira.

Beraz, aste gutxitan, aldaketa nabarmena izan da: alde-bakarreko aukeretatik adostutako aukerak negoziatzera pasatu gara, neurri traumatikoetatik ez mingarrietara, lantokiaren eraispenetik produkzioa hemen mantentzeko konpromisoetara, eta azken finean, lantokiaren bideragarritasuna lantzeko langileen hitza errespetatzea lortu dugu.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu euren elkartasuna adierazi eta UNIPAPEL-eko langileei modu batean edo bestean laguntza eta babesa eman duen jende guztiari. Baina bereziki: Adunako Udalari, Antaliseko langileei -gogoratu eurek ere borrokan jarraitzen dutela-, eta beste hainbat enpresetako langile eta ELA eta LAB sindikatuetako militanteei.

 

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...