2024-12-22
HomeEkintza SindikalaUnibertsitate Sistemaren Lege Organikoa ez da Euskal Herriak behar duena

Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa ez da Euskal Herriak behar duena

Abenduaren 22an,  bi urteko ibilbide baten ondoren, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LOSU) onartu zuen Espainiar Kongresuak. Argi dago inondik inora ere ez dela Euskal Herriak behar duen legea, Madrilek jarraituko baitu erabakitzen Estatu osoko eta Hego Euskal Herriko unibertsitateari dagozkion gai nagusien inguruan. Hala ere, badaude aurrerapausoak hainbat gaitan aurreko legeekin konparatuta.

Unibertsitateen gobernantzan, neurri nabarmenena errektore izateko aukera katedradunetik gainerako irakasle doktore iraunkorrei, funtzionario zein laboralei, zabaltzea izan da, irakasleria propioaren aldeko borrokaren aldarrikapen historikoa izan dena. Hala ere, irakasle iraunkorren kolektiboak, % 51eko ordezkaritza izaten jarraituko du Klaustroan eta errektorea aukeratzeko prozesuetan. 

Beste alde batetik, errektoreari Gobernu kontseiluaren heren bat aukeratzeko eskumena ematen dio, organo honekiko kontrola are gehiago areagotzeko. Hau, atzerapauso oso nabaria da gobernantzaren demokratizazioan eta unibertsitate-komunitatearen parte-hartzean.

Lan-baldintzei buruz, “doktore laguntzailea” diren irakasleen kasuan, euskal sistemako irakasle atxikiaren parekideak, gaur egungo 24 kredituen ordez, 18 kredituko irakaskuntza-betekizuna izango du. Beste aldetik, irakasle eta ikertzaileen lanpostuetarako lehiaketetan dagoen endogamiarekin amaitzeko neurriak hartzeko beharra aipatzen bada ere, unibertsitateen eskuetan uzten ditu epaimahaiak izendatzeko aukera, praktikan, sailaren esku uztea suposatuko duena. Administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren kasuan, legeak kolektibo honi eskainitako tartea oso mugatua da eta ez dago berrikuntza handirik. Aldi baterako irakasle eta ikertzaileen kontratuen gehienezko ehunekoa irakasle-ikertzaileen % 40tik % 8ra pasako dela aurreikusten bada ere, ez da zehazten nola gauzatuko den neurri hori. 

Ordezkapenak egingo dituzten irakasleen kasuan, ez zaie aitortzen ikerketa egiteko aukera, lanaldi partzialean zein osoan egon, epe laburrerako zein urte batzuetarako izan. Honek, prekarizazioa areagotzeaz gain, beren ibilbide akademikoan oso ondorio negatiboak izan ditzake.

Legean unibertsitateari BPGren % 1 bideratzea jasotzen bada ere, ez da bermatzen nola jasoko diren funts horiek, ezta unibertsitate publikoek jasoko duten finantzazioa. Era berean, legean ere berdintasun politikak azaltzen diren arren, praktikak horien garapena nolakoa izango den ez da zehazten. Amaitzeko, tasen doakotasunerako ibilbidea aurreikusten badu ere, argi dago ez duela unibertsitate publikoen aldeko hautua egiten pribatuekiko lehiakortasunean.

Aipatu dugun bezala, aurreko legeekin konparatuta, ondorio positibo batzuk aurreikusi badaitezke ere, LOSUkez ditu behar besteko hobekuntzak ekarriko unibertsitatearen funtzionamenduan, kalitatean eta lan-baldintzetan. Estatu espainiarreko zentralismoak eta lobby atzerakoien botereak unibertsitateak, Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoak barne, menperatzen jarraituko dute. Era berean, ikusteke dago nola eragingo duen EAEko Euskal Sistemaren Legeak jasotzen dituen hainbat arlotan, baita irakasleria berezko figuren garapenean. Azken garaian, EHUko zuzendaritzak eta Jaurlaritzak Madrilgo inposaketak zuzenean aplikatzeko borondatea erakutsi badute ere, LOSU indarrean jarri aurretik, argitzeke dauden hainbat puntu alde sozialarekin lantzeko  eskaera egiten dugu, baita unibertsitate sistema propio baten aldeko urrats ausartak emateko deia ere.

Izan ere, LABek Euskal Herriko unibertsitateetako langileen lan-baldintzen eta eskubideen defentsan jarraituko du lanean. Era berean, euskal unibertsitate sistema publiko, propio eta burujabearen bidean, unibertsitateak hemen ezaugarrituak eta kudeatuak izan daitezen, eta gure herriaren beharren zerbitzura jardun dezaten emango diren ekimenak bultzatuko ditu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...