2024-12-22
HomeEkintza SindikalaUnibertsitate publikoarekin duen erantzunkizunari aurre egiteko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

Unibertsitate publikoarekin duen erantzunkizunari aurre egiteko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

Ikasturte honetako lehen lauhilekoan EHUn greba egitera eta mobilizatzera bultzatu gintuzten arazo gehienek beren horretan diraute bigarren lauhilekoaren hasiera honetan. Horrela, mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Parlamentuaren aurrean.

Lehen lauhileko mobilizazio eta grebetan sindikatuok salatu genuen unibertsitatean arazo estrukturalak ditugula eta EHUko langile kolektibo batzuen lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa dela, finantzaketa falta izanik erroko arazoa. Gure aldarrikapen nagusiak irakasle ordezkoen prekarizazioarekin amaitzea, langile guztion erosahalmenaren berreskuratzea, irakaskuntza eta lan zamaren jaitsiera, eta, oro har, unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea izan ziren.

Gure eskaeren inguruan hitz egiteko biltzeko eskari bana erregistratu genuen, Hezkuntza sailburuari zein EHUko errektoreari zuzenduta. Azken honen kasuan, ia 3 hilabete beranduago izan genuen bilera irakasle eta ikertzaileen errektoreordearekin. Hala ere, aitzakiak medio, jasotako erantzunek ez zuten arazoa errotik konpontzen, kasu gehienetan arazoen muina ekiditen duten aldaketa minimo batzuetara mugatuta.

Eusko Jaurlaritzaren kasuan, ez dugu oraindik erantzunik jaso. EHUko sindikatuok ez omen gara EHUko langileen baliozko hizketakideak… EHUko zuzendaritzaren ardura ahaztu gabe, Eusko Jaurlaritzaren esku ere badago EHUn eta EHUko langileen baldintzetan eragin zuzena daukaten erabakiak hartzea:

Eusko Jaurlaritzaren esku dago unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea (azken urte hauetan BPGren % 0,4 inguruan egon dena, eta, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren arabera, 2030erako BPGren %1era heldu behar dena…), unibertsitate publikoak behar duen moduan hornitu ahal izateko, unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jarri ordez.

Eusko Jaurlaritzaren esku dago EHUko langileok erosahalmena berreskuratzea, baita irakasle-ikertzaileok 2006tik hona izoztuta ditugun osagarri gehigarriak eguneratzea ere (% 30etik gorako balioaren galera izan dugu).

Eusko Jaurlaritzaren esku dago langileen alde irabazitako epaiei helegiteak ez jartzea. Azken adibidea, sindikatuen ekimenez aldi baterako irakasleikertzaileek ikerketa seiurtekoak eskatzeko eta jaso ahal izateko izandako aldeko sententzian daukagu, non ebazpenaren kontra helegitea jarri duten, kolektibo honek pairatzen duen diskriminazioa mantentzeko.

Eusko Jaurlaritzaren esku dago 41/2008 Dekretua aldatzea. Izan ere, Dekretu horrek ezartzen ditu arduraldi partzialeko irakasleen miseriazko soldatak (400 eta 800 euroren artekoak, arduraldiaren arabera). USLO indarrean sartzean, egoera okertu da. Izan ere, arduraldi osoko irakasleen baimen, baja edo eszedentziak ordezkatzeko arduraldi partzialeko kontratuak baino ez dituzte egiten. Irakasle horiei klase eta tutoretza orduak baino ez zaizkie ordaintzen, eta klaseak prestatzeko, formaziorako, irakaskuntzaren kudeaketarako lanerako edota irakaskuntzari lotutako ikerketarako orduak ez zaizkie aitortzen. Klaseak emateko lan-esku merke moduan erabiltzen dituzte ordezkoak. Langile horien lan-baldintzez gain, sailen antolaketan eta ikasleek jasotzen duten irakaskuntzaren kalitatean ondorio negatiboak dauzka. 41/2008 Dekretua aldatzea, arazo honi eta beste batzuei konponbidea jar diezaieke, baina, horretaz kontzientea izan arren, Eusko Jaurlaritzak aukera horri uko egiten jarraitzen du.

Errektoretza-taldea eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera murriztaile eta immobilistaren aurrean, EHUko irakasle eta ikertzaileok mobilizatzen jarraituko dugu lan-baldintza egokien eta kalitatezko unibertsitate publikoaren defentsan. Horregatik, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deituta, martxoaren 6an, EHUko irakasle eta ikertzaileok greba egingo dugu. Horregatik, martxoaren 12an, EHUko langile guztiok sektore publikoan deitutako grebara gehituko gara.

Eusko Jaurlaritza, ez ezkutatu eta beharrezko neurriak hartu unibertsitate publikoaren alde!

Prekarizazio eta diskriminaziorik ez!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...