2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaUkrainan tentsio armatuaren amaiera eta NATO-ren hedapenaren bukaera aldarrikatzen ditugu

Ukrainan tentsio armatuaren amaiera eta NATO-ren hedapenaren bukaera aldarrikatzen ditugu

Ukrainan tentsioa armatua etengabe gora doa azken hilabeteetan, eta handik datozen gerra hotsek biziki larritzen gaituzte. Berriz ere, potentzia handien interes ekonomiko eta geo-politikoek Ukrainako herritarren bizitza mehatxatzen eta baldintzatzen dituzte.

2014ean Euromaidan izenez ezagutzen den Estatu Batuen eta Europako Batasunaren interesen aldeko kolpe leuna eman zenetik, Ukrainak etengabeko gatazka armatua bizi du, eta Errusia inguratzeko helburuarekin NATO-k daraman hedapen estrategiak Ukraina eta Europa inork desio ez duen gerra batera eraman dezake.

Gas errusiarra lekualdatzeko funtsezkoa den lurralde geo-estrategiko honetan, lurralde honen kontrola izatea oso garrantzitsua da lehian dauden potentzientzat. Honi guztiari, Txinaren kontrako borroka globalago baten baitan, Estatu Batuek eta haien interesei loturiko lobbyek Europa ere tentsio foku bat izan dadin daukaten interesa gehitu behar zaio.

Gatazka honetan potentzia ezberdinen interesek talka egiten dute: alde batetik Europar Batasunarekin eta Estatu Batuekin lerrokatuta dagoen Ukrainako gobernua eta beste aldetik Ukrainaren ekialdea, non bertako jatorri Errusiarreko populazioak Moskurekin dituzten lotura historiko, kultural eta politikoak mantendu nahi dituzten.

Gatazkaren erroan NATOren hedapen eta gerra estrategia dago, Minskeko akordioen eta beste nazioarteko hitzarmenen apurketekin nahastuta. LAB sindikatuak, beti egin duen bezala, NATOren estrategia gaitzetsi eta gerra estrategia honen parte izan nahi ez dugula ozen adierazi nahi dugu. 1986-ko erreferendumean Euskal Herriak argi eta garbi adierazi zuen ez zuela NATOren parte izan nahi, eta gure memoria kolektiboan 2001-eko Yugoslaviaren kontrako bonbardaketek eragindako 1.500 biktimek, eta Afganistan nahiz Irakeko gerrek eragindako biktimen oroitzapenak bizirik jarraitzen dute.

Norabide horretan, gerra estrategia honen parte den Bardeetako Tiro Eremuaren itxiera eskatzen dugu, suntsiketa eragiten duen kapitalismoaren aurrean, bizitza defendatuko duen Euskal Herri bat eraiki nahi dugulako.

Nazioarteko komunitateari gatazkari irtenbide bat emango dion negoziaketak aurrera eramatea eta nazioarteko hitzarmenak errespeta ditzala exijitzen diogu. LABek pertsona eta herri guztien eskubideak erdigunean jarriko dituen konponbide bat defendatzen du honen bitartez mehatxu eta gatazka armatu guztiei bukaera ematea. Horregatik, herriok Ukrainan gatazka armatuaren etetea eta hedapen inperialistaren bukaera aldarrikatzen dugu, gerrari ez eta bizitzari bai aldarrikatuz.

Zentzu honetan, LAB sindikatuak igande honetan, otsailak 6, Bilboko Arriagan eguerdiko 12etan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera dei egiten du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...