2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaUkrainako gerrarekin amaitzea eta bake egonkor bat lortzea helburu izan behar duen...

Ukrainako gerrarekin amaitzea eta bake egonkor bat lortzea helburu izan behar duen diplomazia eta negoziazioa beharrezkoak dira

Lehenik eta behin, Errusiak Ukraina inbaditu izana irmoki salatu egiten dugu. Errusiako tropak Ukrainar lurraldetik berehala ateratzea eta eraso militarrak etetea exijitzen dugu. Errefuxiatuei harrera egin eta kaltetutako herritarrei babesa emateko neurri azkar eta eraginkorrak eskatzen ditugu.

Ukraniaren inbasioak lehendik zetorren gerra eskenatokia larriagotu egin du. Mundu mailako potentzia nuklearrak daude aurrez aurre: batetik, gero eta gehiago hedatzen ari den NATO; bestetik, gero eta gehiago militarizatzen ari den Errusia. Horrelako gerrek ez diote inoiz langile klase nahiz herri sektoreen interesei mesede egiten eta kasu hau ez da ezberdina. Berriro ere, herriok eta langileok gara galtzaile.

Euskal Herriak, 1986ko martxoaren 12ko erreferendumean NATOri ezezkoa eman zionetik,  gerraren aurkako posizio garbi bat izan du. Blokeen interesen araberako geopolitikan oinarritzen den nazioarteko harremanetarako eredu hau herrien burujabetzaren eta bakearen kontrakoa izaki, Euskal Herriak ez du estrategia horren parte izan nahi.

Zoritxarrez, inbasioa eman denetik alde guztien aldetik ikusi ditugun jarrerek, tentsioa gutxitu baino, tentsioa are eta gehiago areagotzen dute. Diplomazia ausart, konprometitu eta errealista bat behar dugun momentuan, alde guztiek gerra estrategia elikatzen jarraitzen dute. Osasungintzarako, hezkuntzarako eta herritarron bizitza duina bermatuko dituen politika sozialetarako dirurik ez dagoen momentu honetan, armak produzitzeko politikak adosten dira, eta bloke guztien gerra estrategia honek Ukrainan, Errusian nahiz Europako herritarren bizi baldintzetan sor dezakeen egoera bereziki larria izan daiteke. Zentzu honetan, bide diplomatikoa eta negoziazioa lehenetsi baino, Ukrainara arma gehiago bidaltzeko erabakiak salatzen ditugu, bakea eta egonkortasuna lortu beharrean tentsioa are eta gehiago handituko duelako.

Testuinguru honetan, LAB sindikatuak diplomaziaren eta negoziaketaren unea dela uste du. Nazioarteko komunitateari gerrarekin amaitu eta etorkizun egonkor bat bermatuko dituen nazioarteko akordio berriak behar ditugu, blokeen logika geopolitikoetatik harago, bizitza erdigunean jarriz, pertsona eta herri guztien eskubideak bermatuko dituen nazioarteko harreman berriak eraikiz.

Zentzu honetan, aipatu ditugun parametroetan gerra salatzeko nahiz herrion burujabetza aldarrikatzeko Euskal Herrian antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Hain zuzen ere, LABek bat egiten du ostiral honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatutako mobilizazioekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...