2024-11-22
HomeEkintza SindikalaUGT, CCOO eta CENek sinatutako Akordio Intersektoriala ez-legitimoa, baztertzailea, hipokrita eta ez...

UGT, CCOO eta CENek sinatutako Akordio Intersektoriala ez-legitimoa, baztertzailea, hipokrita eta ez eraginkorra da

Formari dagokionez, Madrilen sinatutako akordioen traslazio hutsa da eta UGT, CCOO eta CENek Nafarroa sukurtsal hutsa bailitzan tratatzen dutenaren erakusgarri. Gainera, akordioek ez dute gehiengo sindikalik, UGT-k eta CCOO-k Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %49a dutelako.

Erregimenaren garaietan bezala egin da prozesua. Ez dira sindikatu guztiak deitu, CEN, UGT eta CCOOk besteok baztertuz jarduten dutenaren erakusgarri. LABek bere prestasuna erakutsi du negoziazio kolektiborako nafar esparrua blindatzeko eta prebentzio delegatuen prestakuntza ziurtatzeko akordio intersektorialak lortzeko. Baina bietan egin dio uko Eztabaida Sozialaren hirukoak. Holding bat bezala jarduten jarraitu nahi dute. Horrelako jarduerak babesteari utzi eta behingoz Eztabaida Sozialaren Kontseilua indargabetzea eskatzen diogu.

Akordioan gomendioak jasotzen dira, ez da betebeharrik zehazten. Ez du patronala ezertara behartzen, horrela prekarizazioa bultzatzen jarraituko du UGT eta CCOOk aurpegia garbitzen dioten bitartean.

Edukiei dagokionez, hilean 1.000 euro gordineko gutxieneko soldata aholkatzen du; alegia, 900 euro garbi ozta-ozta. Nafarroan hilean 1.200 euro garbiko soldata behar da, eta horren aldeko apustua egiten dugu.

Berdintasun planei buruz ere hitz egiten dute, baina hipokrita hutsak dira. Nafarroako enpresa nagusian, Volkswagenen, %50eko emakumezkoen kopurua ezartzeari uko egin diote. Hala, UGTk, CCOOk eta CEN-ek diskriminazioa babesten dute enpresa horretan zein beste askotan. Aipatutako Volkswagen enpresaren kasuan, esaterako, %12 soilik dira emakumeak lan taldean.

Lan osasunari dagokionez, UGT, CCOO eta CEN arazoaren parte dira. Lobby gisa aritzen dira prebentziorako eta lan osasunaren kudeaketarako sistema publiko baten garapenaren aurka. Interes korporatiboak besterik ez dituzte; prebentziorako diru publikoaren banaketa, kasu.

Akordio hau borrokari uko eginda lortu dute, hain zuzen ere aktibazioa eta borroka langileek bizi duten prekarietateari aurre egiteko inoiz baino beharrezkoak direnean.

Lan Harremanetarako Marko Propioa beharrezkoa da Nafarroatik gure beharrak asebetetzeko eta errealitateari aurre egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.