2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaUdaltzaingo herritar eta komunitarioa behar dugu

Udaltzaingo herritar eta komunitarioa behar dugu

LAB sindikatuak kezka azaldu nahi du, Espainiako Gobernuak alarma egoera aldarrikatu zuenetik, Hego Euskal Herrian barrena polizia-gorputz ezberdinek erakutsitako jarrerengatik, Mozal Legearen aterpean sarri.

LABek azken asteotan emandako polizia-ekintza desegoki, arbitrario edota neurrigabe ugariak salatu nahi ditu. Halaber, Espainiar Armada, Polizia Espainiarra eta Guardia Zibila zuritzeko abiatutako kanpaina instituzionala arbuiatzen dugu. Inolako lotsarik gabe, udaltzaingoa erabili dute propaganda birzentralizatzailea egiteko. Bereziki larria eta mingarria iruditzen zaigu Intxaurrondoko kuartelean antolatutako omenaldira hainbat udaltzain bertaratzea.

Testuinguru zail honetan, ezinbestekoa iruditzen zaigu Udaltzaingoaren jardunaren ardatz izan behar duten balioen garrantzia azpimarratzea, hurbileko polizia herritarra izan behar duen aldetik.

Jendarte osoak elkar zaindu behar duen une honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Udaltzaingoa ezaugarritzen duen izaera komunitarioa nabarmentzea. Une honetan, lehentasuna langileon osasuna da eta alor honetan Udaltzaingoak ekarpen handia egin dezake (kasu askotan horrela izaten ari dela azpimarratu nahi dugu), funtsezko zerbitzuetan diharduten beharginentzako prebentzio neurriak ikertuz, esate baterako.
Egungo egoera latzean jokabide solidario eta arduratsuak behar dira, eta Udaltzaingo ezberdinen ekarpena derrigorrez pedagogikoa izan behar du.

Udalak instituzio publiko gertukoenak dira eta udaltzainok nor bere udalerrian, jendartearen mesedetan, auzolanean diharduten udal langileak izan behar dugu, salbuespenik gabe.

LAB sindikatuak herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzaingo eredu bat defendatzen du, komunitatea eraikitzen laguntzeko aktiboa, herritar ororen ongizatea bermatuko duen antolamendu sozial, ekonomiko eta politiko berri batetan kokatua.

Betiko errezeta zaharrek ez gaituzte aterako pairatzen ari garen krisi honetatik. Are gutxiago Kapitalak sustatzen duen eredu polizialak. Bada garaia pertsonak eta bizitza duina erdigunean jartzen dituen babes esparru publikoa eratzeko.
Apustu honetan Udaltzaingoaren ekarpena ezinbestekoa izango da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...