2024-12-22
HomeIdazkaritzakTxibiteri exijitu diogu osasun sistema pribatizatzeko plan estatalari ezezko borobila emateko

Txibiteri exijitu diogu osasun sistema pribatizatzeko plan estatalari ezezko borobila emateko

LAB sindikatuak gaur publiko egin du Nafarroako Gobernuari bidali izan dioten zirriborro bat, osasun zerbitzu publikoek mutualitateei langileen gaixotasun arrunten arreta ematea bilatzen duena. LABen aburuz, orain arteko pribatizazio saiorik gogorrena da. Ondorioz, Maria Txibite lehendakariari eskatzen diogu proiektu horren aurka egin dezala, eta konpromiso argia har dezala: langileen gaixotasun arrunten arreta ez zaie sekula mutualitate patronalei esleituko.

LABek hitzarmenaren zirriborro bat eskuratu du, mutualitate patronalei gaixotasun arrunten kudeaketa eskuordetzea bilatzen duena. Zirriborroa Espainiako Gizarte Segurantzak eta AMAT mutualitate patronalen elkarteak adostu dute, eta erkidego bakoitzari helarazi diote, dagokion osasun departamentuak eta mutualitate patronalek praktikan jar dezaten. Beraz, Nafarroako Gobernuaren mahai gainean dago, baina hark, ordea, informazio hori ezkutatu die Parlamentuari eta sindikatuei, eta agerian utzi du gardentasun falta erabatekoa.

Akordio horren arabera, mutualitate patronalen zerbitzuak kontratatuak dituzten enpresetako langileen kasuan, bajan daudenean, mutualitate horien esku geldituko dira gaixotasun arruntak eta haiekin lotutako proba, tratamendu, esku-hartze edo errehabilitazioak. Horrek ekarriko luke, bertzeak bertze, mutualitateek irizpide produktibo eta ekonomizistak baliatzea, eta, irizpide horietan oinarrituta, langileei senda-agiria lehenbailehen ematea, langileen osasuna bigarren maila batean utziz; Gizarte Segurantzaren kontura gainera. Neurri horrek biztanleria aktiboaren %80-90i eraginen lioke.

LABek salatu du horrek egungo logika aldatzen duela eta Osasunbideko medikuak enpresa pribatu bateko medikuaren erranetara jartzen dituela: aldi baterako ezintasunaren lehenengo egunetik mutualitateak tratamendu, proba edo esku-hartze bat proposatzen badu eta osasun publikoko medikuak garaiz erantzuten ez badu, nahi adina interbentzio egiteko baimena izanen luke, betiere enpresaren interes produktiboen mesedetan, baja murrizteko. Gainera, hitzarmenean kontrol publikorik gabeko proba pilotua eta historia klinikoetarako sarbidea ere sartzen dira.

1995az geroztik, gero eta botere handiagoa eman zaie Espainiako Estatuan mutualitateei, EAJren eta UPNren laguntzarekin. LAB sindikatuak uste du plan estatal honek bertze urrats bat egiten duela, bertze bat gehiago, osasun sistema publikoa behin betiko desmuntatu eta pribatizatzeko, eta, doktrina neoliberalari jarraituz, XIX. mendeko eredu bihurtzen duela: mutualitateen bidezko arreta sistemarako produktiboak diren pertsonendako, ahalik eta azkarren itzultzea lortzeko; eta produktiboak ez direnendako, osasun sistema publiko hustua. Alegia, negozioa osasunaren gainetik.

Erabiltzen den da aitzakia osasun sistema publikoko itxaron-zerrendak arintzea. Hala ere, urrats bakoitzeko sistema hori ahuldu nahi duten berak dira defendatzen dutenak gure osasuna eta osasun publikoa negozio bat direla beren interes ekonomikoak asetzeko eta negozio pribatuak bultzatzeko. Kontsulta bakoitzeko 70 euroren truke, noski.

Azken hilabete hauetan, LAB sindikatuak agerian utzi ditu Sindikatu Medikoak ordezkatutako mediku batzuen praktika txarrak, lobby korporatibo, kontserbadore eta erreakzionario horrek osasun publikoari eginiko erasoa gelditzeko. Orain, LABek agerian utzi du mutualitateek osasun publikoari egiten dioten erasoa, horren aplikatzea eragozteko.

Iragan asteartean, Gizarte Segurantzako ministro espainiarrak, Jose Luis Escrivak, medikuaren bajak mutualitateei emateko planari izena kendu zion, eta Gobernuak hitzarmena baliozkotzen ez duela adierazi zuen. Ministroak gezurra dio, dokumentu hori erkidego guztietara bidali delako, eta ez “jendeari”, erantzun zuen bezala. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak berretsi egin du jaso duela. Hala, Escriva ministroak, gardentasun-ariketa batean, hitzarmen honen jatorria, xehetasunak eta etorkizuneko garapena argitu beharko lituzke. Halaber, argitu behar du nork bidali dien agiri hori gobernu autonomikoei. Mutuak izan badira, larritasuna erabatekoa da; izan ere, bere Ministerioaren gainetik, mutualitateek hitzarmen bat bidali ahal izanen liekete gobernuei, eta hitzarmen horrek akabera emanen lioke ezagutzen dugun gaur egungo osasun sistema publikoari.

Alde horretatik, eskandaluzko hitzarmen hori agerrarazi ondoren, LAB sindikatuak premiazko eta aparteko izaeraz eskatu zuen Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) Kontseiluaren eguneko aztergaien zerrendan mozio bat sartzea, NOPLOIk asmo horien kontrako jarrera har zezan eta Gobernuari ezezko borobila eskatzeko. Baina, logika ororen kontra, Kontseiluko lehendakariak, Osasun zuzendari nagusi Carlos Artundok, eragotzi egin du eztabaida. Beraz, LABek gai honen inguruan ezarri nahi den isiltasuna eta iluntasuna salatu du, eta protesta gisa martxoaren 30ean eginen den bileran ez duela parte hartuko iragarri du.

Pribatizazioa ez da bidea; kontrara, sektore publikoan inbertitu behar da. Mutualitate patronalek langile horien kotizazioen kontura bizi dira. Bada, LABek exijitzen du kotizazio horiek sistema publikora bideratzea, mutualitateak publiko egitea eta sistema publiko sendoa osatzea. Badaude horretarako legezko bideak, borondate politikoa bertzerik ez da behar.

LAB sindikatuak Txibite lehendakariari exijitzen dio ezezko bat eman diezaiola pribatizazio saio honi. Alegia, bere gain har dezala konpromiso argia langileen gaixotasun arruntak ez zaizkiela mutualitate patronalei esleituko. Eta, bigarrenik, kontrako norabidea bultza dezala, enpresek gaixotasun profesionalen arreta Gizarte Segurantzarekin hitzartu dezaten eta, ondorioz, kudeaketa osasun sistema publikotik egin dadin. Langileen osasunerako bermerik onena sistema publiko indartsua baita.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...