2024-12-23
HomeEkintza SindikalaTuterako Reina Sofía ospitaleko aldageletan ez dira gutxieneko baldintzak betetzen

Tuterako Reina Sofía ospitaleko aldageletan ez dira gutxieneko baldintzak betetzen

LABek jendaurrean salatu nahi du Ospitaleko aldagelen egoera, ez baitituzte gutxieneko baldintzak betetzen, ez espazioari dagokionez, ez azpiegiturei dagokienez. Hori dela eta, profesionalek, behin baino gehiagotan, komunetara joan behar izaten dute arropaz aldatzeko. Egoera, gutxienez, danteskoa dela esan daiteke.

Tuterako Reina Sofía ospitaleko profesionalek aldageletara sartzen diren bakoitzean bizi duten egoera tamalgarria da: ez dago armairu nahikorik langile guztientzat, eserleku gutxi daude, ez dago espazio nahikorik gutxieneko baldintzetan arropaz aldatzeko… Eta horri guztiari gehitu behar zaio txanda-aldaketak egiten diren orduetan langile asko pilatzen direla. Arazo horren aurrean, Gerentziari okurritu zaion “konponbidea” izan da armairu bikoitzak jartzea. Horrela, lehengo armairuen tamaina erdira murriztu dute, eta, horrekin batera, langileen arteko segurtasun-tartea ere murriztu dute: espazio berean langile kopuru bikoitza sartzea nahi dute.

Bestalde, kartel baten bidez, Gerentziak zenbait gomendio helarazi dizkie langileei korridoreak behar bezala erabiltzeko. Horietako gomendio bat erabat harrigarria da: korridore bakoitzean bost pertsona baino gehiago ez egotea aldi berean. Txanda aldaketak egiten diren orduetan, hori betetzea erabat ezinezkoa da.

Horri guztiari gehitu behar zaio, armairu nahikorik ez dagoenez, langileek batzuetan armairua konpartitu behar izaten dutela. Gaur egungo egoeran, jokabide hori ez da batere gomendagarria, kutsatzeak saihestu nahi baditugu.

Azken batean, egoera normal batean ere gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten aldagelak dira Reina Sofía ospitalekoak. Eta jasaten ari garen salbuespenezko egoera pandemiko batean, zer esanik ez! Arazoa lehenbailehen konpondu beharra dago. Ospitaleko gerentziak konponbide integral bat bilatu beharra du, baina, betiere, langileen osasun baldintzei behar bezalako garrantzia emanez eta baldintza horiek bermatzeko behar diren azpiegiturak jarriz.

Horregatik, idazki honen bidez, LABek jendaurrean salatu nahi ditu Tuterako ospitaleko zuzendaritzak gai hau gainetik kentzeko erabiltzen dituen “adabakiak”. Ezarri dituzten neurriak erdipurdiko konponbideak baino ez dira, osasungarritasuneko eta arriskuen prebentzioko gutxieneko baldintzak ere errespetatzen ez dituztenak. Eta larriagoa dena: profesionalak kutsatze-arrisku egoera handiago batean jartzen dituzte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...