2024-12-23
HomeEkintza SindikalaTubos Reunidos-eko lanpostuak eta lan-baldintza eta bizitza duinak defendatuko ditugu

Tubos Reunidos-eko lanpostuak eta lan-baldintza eta bizitza duinak defendatuko ditugu

Egungo egoeran, pandemiaren ondorio ekonomikoen aurrean instituzioek enpleguari eusteko beharrari buruz hitz egiten duten bitartean, hartzen ari diren erabakiak eraginkortasunik gabeak, epe laburrekoak eta nagusiki enpresak finantzatzera bideratutakoak dira.

Eremu industrialean, desindustrializazio prozesua ematen ari da pandemia baliatuz. Enpresa handiak egoeraz baliatzen ari dira plantillak murriztu eta finantzazio publikoa exijitzeko euren dibidenduak handitzeko helburuarekin. Gainera, bigarren helburu bat ere badute: kalitatezko enplegua suntsizea, etorkizunean eskulan merkeago eta malguagoak ordezkatu ahal izango duena.

Politika hau hitzez hitz ezartzen ari dira Euskal Herriko enpresa handi ugari, hala nola Gestamp, ITP, Alestis, Aernnova, Tubacex… Desindustrializazio prozesua bere bidea egiten ari da.

Amurrio eta Trapagarango langileok oso ondo dakigu zertaz ari garen hitz egiten. 2018an taldearen Zuzendaritzak Trapagarango 157 langileren kaleratzea planteatu zuen, soldata murrizketa, lanaldia handitzea eta lantegiaren altzairutegia ixtearekin batera. Langileen borroka eta determinazioak soilik lortu zuten zuzendaritzaren asmoak gelditzea. Hala ere, lanpostuen suntsitzearen odolustea eta lan-baldintzak okertzea ez dira geratu.

  • Amurrioko lantegian 200 lanpostu suntsitu dira 2009tik. 8 ABEEE ezarri dira, eta horietatik 4 bata bestearen ondoren etorri dira. Horrela, 2018ko urritik 2021eko ekainera, 2 urte eta 10 hilabete eramango ditugu langileok jarraian ABEEEan. Honetaz gain, 2016ko abendutik daramagu soldata izoztuta eta gure lan-baldintzak berritu gabe…
  • Trapagarango lantegian azpikontratetako langileen lanpostuak ezabatu dira. 424 langile izatetik 409 izatera pasatu gara, praktiketako kontratuak eta ordezkapenak barne. 2017tik daramagu soldata izoztuta eta lan-baldintzak berritu gabe. 2009tik 6 ABEEE eta EEE bat ezarri dizkigute.

Amurrio eta Trapagarango langileok urteak daramatzagu esaten eta salatzen zuzendaritzak aurkezten dituen emaitza txarrak zuzendaritzak berak sortutako egoeraren ondorio direla eta langileok inoiz ez dugula inolako erantzukizunik izan goi-zuzendaritzako kargu hauek sustatuko akatsen inguruan.

Zuzendaritzaren eraginkortasun falta eta inkonpetentziaren erakusgarri da taldeak duen zorraren jatorria, nagusiki, ez dagoela inbertsio politika ezta galera operatiboak izatearekin harremanatuta. 2008an akziodunek, finantza trikimailu bati esker, 170 miloi euro eraman zituzten eta zorra, orduko 35 milioi eurotatik 200 milioi eurotara pasatu zen. 170 milioi euro horiek akziodunen poltsikoetan amaitu zuten, Gainera, 2012an eta beste kreditu baten bidez, dibidenduak kobratzea ziurtatu zuten (irabaziak zein galerak izan) 2019ra arte.

Euren soldatak ere etengabe gizendu dituzte, langileen soldatak gero eta apalagoak ziren bitartean, eta milioika euro gastatu dute azken 4 urteotan TR taldeko presidente exekutiboa hiru aldiz aldatzeko.

Langileok urteak daramatzagu zuzendaritza eta akziodunen diruzalekerian oinarritutako kudeaketa negargarri honen ondorioak jasaten.

Duela aste batzuk zuzendaritzak iragarri zuen SEPIren finantzazio publiko garrantzitsua lortu nahi zuela. Ematen du 115 milioi euro lortu nahi dituela. Iragarpen honen aurrean LAB eta ESK sindikatuok adierazi nahi dugu finantzazio publikoa beharrezkoa izan daitekeela, baina beti ere kontraprestazio bat dagoen artean: TRko lantegien proiektu industriala eta lanpostuak lan-baldintza duinekin berma daitezela, eta Arantxa Tapiak esandakoa bete dezatela: “Krisian dauden enpresentzako diru publikoa bai, baina akziodunen ahalegina ere bai”.

Bestalde, salatu nahi dugu etorkizuneko kaleratzeei bidea erraztuko dien estrategia enpresarial baten aurrean egon gaitezkeela. Enpresak urrian iragarri zuen bideragarritasun plan bat zuela, berregituraketak aipatzen zituena, eta Enpresa-Batzordeok ez dugu berau ezagutzen. Euren hitzen arabera, plan hau lor dezaketen finantzazioaren araberakoa izango da. Esperientziak diosku zuzendaritzak termino horietan hitz egiten duenean, ondorioa enplegu-suntsiketa dela aitzakia moduan enpleguaren egoera, eskatutako diru-laguntza publikoen falta edo hauek ukatu izana, etab. baliatuz, errealitatea oso ezberdina denean, galerak sozializatu eta irabaziak pribatizatuz urteak daramatzan zuzendaritza, hain zuzen ere.

Enplegu suntsiketa ez da soilik Tubos eta Productos Tubulares-eko langileentzat mehatxua. Ezkerralde eta Aiaraldeko eskualdeek denbora daramate desindustrializazio eta lan-baldintzen okertze politika hauen ondorioak jasaten (Valvospain, Gestamp, ITP, Tubacex…).

Horregatik, Tubos Reunidosi eta instituzioei, batez ere Eusko Jaurlaritzari, exijitu egiten diegu langileen etorkizuna eta kalitatezko enplegua bermatzea. Helburu horrekin, bilerak eskatuko dizkiegu Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan eta Enplegu Sailei, Araba eta Bizkaiko Aldundiei eta lantegiak dauden eskualdeetako udalei. Trapagaran eta Amurrioko langileok borrokan egingo dugugure enpleguaren alde, lan-baldintza duinen alde eta azken finean, bizitza duinaren alde.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...