2024-12-22
HomeEkintza Soziala: Trantsizio ekosozialista eta feministaren alde

[IRITZIA]: Trantsizio ekosozialista eta feministaren alde

LABeko ekintza sozialeko kide diren Miriam Diaz de Tuestak eta Endika Perezek idatzi dute jarraian datorren idatzi artikulua:

Beranduegi da pesimistak izateko. Horixe irakurri diogu Daniel Tanuro sindikalista ekosozialistari. Eta horrela da, bai. Erregai fosilen agorpenak, klima larrialdiak, material kritikoen erreserba urriek edo ekosistemen degradazioak gure ekonomia eta gizarte antolaketa kolokan jartzen dute, eta beraz sindikalgintzan (ere) praktikak (ber)asmatzeko tenorean jartzen gaitu. Inori zer egin behar duen esatera baino, gurean zertan gauden partekatu nahiko genuke gaurkoan.

Trantsizioaren norabide eta nolakotasuna disputan dagoela uste dugu. Batetik, Kapitala. Lobby eta botere korporatiboen bidez etekinen metaketari eutsi asmoz birmoldaketarako bideorria diseinatzen eta garatzen ari da, askotan instituzioen laguntzarekin: Next Generation funtsak, Tapia Legea bezalako politika publiko antidemokratikoak, edota Munduko Bankuaren eskutik maiatzaren 23tik 25era BECen burutuko den Innovate 4 Climate gailurra adibide gisa. Greenwashing edo ekofaxismoa, helburu bera duten bide elkar osagarriak.

Bestetik, langileon interesak eta bizimodu duinak erdigunean jartzeko proposamena. Guk oinarri ekosozialista eta feministetan bultzatu nahi duguna: ehun sozioproduktiboaren eraldaketa eta enplegua, zaintza lanak eta aberastasunaren banaketa. Ekonomia eta gizartea irizpide ekologikoen arabera antolatzeko borroka eta langileon bizi-baldintzen aldekoa bat eta bakarra behar du izan gure ustez.

Globalki pentsatu eta lokalki ekitea badagokigu, Euskal Herria da gure joko zelaia. Kapitalaren mesedetan antolatutako ekonomia, honen menpeko botere politikoa, eta eskumen mugatuekin juridiko-administratiboki zatikatua dagoen Herria. Dugun indar korrelazioaren araberakoa izango denez, egin nahi dugun sakoneko eraldaketa ez da prozesu lineala izango eta aldaketa guztiak ezin aldi berean gauzatu. Horrela, burura datozkigu hainbat gako zabalik diren eztabaida batzuei begira:

Energia zein materialen kontsumoa murriztu eta ekonomiaren deskarbonizazioa. Proposatzen dugun trantsizioak bi helburu horiek bete behar ditu. Sozialki beharrezkoak eta ekologikoki jasangarriak diren lanak lehenetsi eta sustatu eta eredu sozioekonomikoa berrantolatu beharra dago. Sektore estrategikoen jabetza eta kontrol publiko eta soziala ezinbestekoak dira.

Eraldaketok, Euskal Herriko ehun produktiboan eta enpleguan eragin zuzena izango du. Ikuspegi eraldatzaile batetik, honek langileriaren baldintza material eta subjektiboei dagokionez izan daitezkeen ondorioei ezin zaie ezikusia egin, are gehiago eskuin muturra (ekofaxismoa) zein prekarizazioa hazten ari diren honetan. Beharrezkotzat dugu enpresa eta sektoreen bidezko eraldaketa ekosoziala bultzatzea baita langileon bizi-baldintza duinak ziurtatzen dituzten politika publikoak borrokatzea. Planifikazio ekonomiko eta sozio-produktibo publiko sendoa, sozialki beharrezkoak eta ekologikoki jasangarriak diren sektoreetara mugikortasuna ahalbidetzeko formakuntza eta bermeak, (eko)zaintza eremuko lanen aitortza, duintzea eta hazkundea, soldata galerarik gabeko lanaldi murrizketa, erretiro adinaren aurreratzea, gainbalioaren legezko mugapena, gutxieneko soldata minimo duina eta soldata maximoa ezartzea, langileon hitza eta parte hartzea ziurtatzeko Bidezko Trantsiziorako Batzordeen eraketa… Negoziazio kolektiboan trantsizio ekologikoa erdigunean ezarriko duen ekintza soziosindikala marraztea eta imajinatzea dagokigula sinetsita gaude, eta saiakera horretan gabiltza.

Erregai fosilekiko dependentzia eta kanpotik energia inportatzeak sortzen dituen menpekotasun zein inpaktuak ahalik eta gehien murriztu behar ditugu. Horretarako energia berriztagarrien azpiegitura berriak behar ditugu Euskal Herrian. Ez dago inpaktu ekologiko eta sozialik gabeko energia azpiegiturarik, baina ekintza ezagatik oraingo egoera luzatzeak inpaktu larriagoa du (kolonizazio energetikoa, berotze globalak jarraitzea, espekulazioa…). Ez dugu nahi energia berriztagarrien garapenerako nagusitzen ari den eredua (enpresa transnazionalen eskutik datozen makro-proiektuak, etekin pribatuak lehenesten dituztenak eta inolako kontrol publiko eta komunitariorik gabekoak), baina alternatiba bat izendatu soilik ez, eraiki behar dugu.

Horretarako gure borrokaren ardatz izan behar duen ikuspegi integral, estrategiko, burujabe eta demokratikotik garatutako planifikazioa nahitaezkoa da. Baina planifikazio eza ezin da bilakatu immobilismoan gotortzeko aitzakia; eguneroko bataila anitzen bidez, izan makro proiektu zehatzen aurkako borrokak, enpresetako eraldaketa zehatzetako bideorriak, edo tokiko proiektu energetiko komunitarioak garatuz mamitu, norabidetu eta ezaugarrituko dugu. Diskurtso erradikala bezainbeste behar ditugu beraz praktika erradikalak, eta gure ustez geldi geratzeko tentazioak, trantsizioa kapital eta enpresen mesedetan garatu dadin erraztu dezake. Gu ez gaude horretarako prest.

Horregatik, aliantza sozio-sindikalen eta agenda sozial konpartituaren alde egiten dugu. Entzun, ikasi, elkarren kontraesan eta korapiloak landu, elkartzen gaituen horretan arreta jarri eta geuretik zintzotasunez emateko prest gaude. Langileon bizi-baldintza duinen aldeko borroka, borroka ekologista eta burujabetzaren aldeko borrokak elkar topatzea ezinbestekoa da eta horretan jarraituko dugu. Sindikalgintzan erronka handiak ditugu eta ekarpen handia egin dezake. Motzean, hilaren 20rako lurraren defentsan Gasteizen eta Banku Mundialaren gailurraren aurrean erantzuteko antolatzen ari gara beste hainbat eragile sozial eta sindikalekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...