2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaTorturaren gaineko ikerketan sakontzearekin batera, aitortza eta erreparaziorako neurriak hartzea eskatzen diogu...

Torturaren gaineko ikerketan sakontzearekin batera, aitortza eta erreparaziorako neurriak hartzea eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari

Tortura eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa Nafarroan 1979tik gaur egun arte txostena aurkeztu du gaur Euskal Kriminologia Institutuak (IVAC-KREI) Nafarroako Parlamentuan eta bertan izan da LAB sindikatuaren ordezkaritza zabal bat, Nafarroako Pertsona Torturatuen Sareak gonbidatuta. Horren karietara, LABek Gobernuari exijitzen dio lan horretan sakon dezan eta aukera aprobetxatzeko torturarekin lotutako bere jarduna zuzentzeko.

1979tik gaur egun arte, irizpide zientifiko, zorrotz eta independenteetan oinarrituta, Nafarroako torturari eta bestelako tratu txarrei buruzko ikerketa txostenak torturaren eta tratu txarren dimentsioak egiaztatzen ditu, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan: 1.068 tortura kasu Nafarroan, 1960-2015 aldian eragindako 891 pertsonari dagokienez.

Bada, ikerketa honetan sakondu eta ikerketaren ondorioetatik abiatuta torturaren aurkako plana egin dezan eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Plan horretan gertatutakoaren aitortza, erantzun politikoen argipena, torturatutako herritarrekiko babesa eta erreparazioa, eta torturaren prebentziorako egiturazko neurriak jaso beharko lirateke.

Tratu txarren eta torturaren errealitatea egiaztatu den arren, nahiz eta giza eskubideen urraketa larritzat jotzen diren delituak izan, helburu politikoekin erabilitako indarkeria izan da, etsaitzat hartutako sektore sozial eta politikoa suntsitzeko, duela gutxi arte iraunarazi dena. Izan ere, indarkeria ukatua, ikertu gabea eta zigortu gabea izan da. Nafarroako erakundeek, haien agintariek eta beste erakunde politiko, sozial eta sindikal batzuek jarrera konplizea hartu dute, eta, hamarkadatan, beste alde batera begiratu dute biktimengandik aldenduz eta haien oinazean inpaktatuz.

LABen ustez, funtsezkoa da proiektu honekin jarraitzea, Nafarroako torturaren errealitatea ulertu eta jorratu ahal izateko. Elkarrekin lan egiten jarraitzea da erronka, modu praktikoan aurrera egin ahal izateko indarkeria hori aitortzeko, prebenitzeko eta ez errepikatzeko bermean, hori ezinbestekoa baita bizikidetza demokratikorako.

Halaber, ezinbestekoa da indarkeria hori erabili zutenek, tratu txarrak eta tortura egin dituztenek hori aitortzea. Ildo horretan, lan honekin Nafarroako Gobernuak aukera eta eginbeharra du torturari buruzko bere jarduna berrikusteko eta zuzentzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...