Tolosaldean ospitale publiko baten beharra salatu dugu askotan. Oraingoan, Tolosako Asunción Klinikaren kudeaketa txarra salatu nahi dugu. Sektore honetako langileak sufritzen ari ziren eta covid-19ak aspalditik salatzen ari garen egoera larria erakutsi du.
Asuncion klinikaren eraikinak ez dituela betetzen bizi den egoerari aurre egiteko egiturazko beharrak, zona zikinak (paziente positiboak) eta kutsadurarik gabeko guneak deitzen ditugunak, ez dago zirkuitu itxirik bere osotasunean. Langileentzako, atsedenerako edo lanerako kutsadura saihesteko behar adina gune ez da jarri, dituzten aldagelak ez dira berezitu kutsadurarekin lanean daudenak eta ez daudenen artean. Gainera, garbiketa ez da indartu lan kargak handitu direnean eta langileek salatu dute ez zutela Norbere Babeserako Ekipamendurik gertatzen ari zenerako.
Dagoeneko 35 dira positibo eman duten langileak, eta positiboak edo edo harreman estuak izateagatik itxialdian daude espezialista eta garbiketako langile gehienak. Erizaintzako langileak ez ziren konfinatu sintomak eman ezean eta langile guztiei PCR egin arte, gaur egungo egoeran sortaraziz, hasieran PCR negatiboa eman zuten eta denbora gutxian positiboa izatera iritsi diren 35 langile positibo eta 6 paziente horiekin.
Horrek guztiak langileen osasuna galtzea eragiten du, eta azpimarratu nahi dugu osasun fisikoa ezezik, eragin psikologikoa ere izugarria dela.
Azken agerraldiaren lotuta, hainbat neurri eta erabaki hartu dira, baina gure kezka adierazi nahi dugu hauen inguruan:
– Larrialdi zerbitzua mantentzen da, ospitaleko kontsultak zalantzan, ospitalizazioak Bidasoako ospitalera bideratuko dira. Zergatik Bidasoara, Donostia edo Zumarragako ospitaleak gertuago daudenean. Ez dakigu zenbat iraungo duen egoera honek.
– Ospitalizazio berriren bat dagoenean, uste dugu azterketa azkarra egiteaz gain, modu isolatuan jarri beharko liratekeela ospitalizatuak guztion segurtasunerako, PCR egin arte.
– Beharrezko lanpostu guztiak indartu daitezela langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.
Gertakari honen larritasuna ezin da besterik gabe alde batera utzi. Ez dugu onartuko arduragabekeriaz jokatzea ezta langileen, erabiltzaileen edo beste herritarren osasuna arriskuan jartzea.
Hori dela eta, Asuncion klinika, Osakidetza eta Tolosako Udalari eskatzen diegu egoera horiek argitzeko. Krisi hau pairatu dutenak langileak izan dira eta ez dugu inolaz ere onartuko, ez dute merezi.
Herritar eta klinikako langileei dei egiten diegu urriaren 17a larunbaterako deitutako manifestazioarekin bat egitera. Mobilizazioa 12:30ean abiatuko da Tolosako Udaletxetik.