40 egun baino gehiago dira konfinamendua hasi zenetik. 40 egun baino gehiago oinarrizko lanetan dauden langileak guztion osasunaren alde dena ematen ari direla. Inoiz baino lan gehiago egiten ari dira eta aldi berean, euren osasuna arriskuan jartzen dute egunero. Hilabetean 4 egunetako ordaindutako lizentzia exijitzen du sindikatuak sektore hauetan.
Salatu genuen segurtasun neurri oso gutxirekin ari zirela lanean sektore hauetan. Adierazi genuen ere salaketak gogortuko genituela. Eta horrela egin dugu. Egia da segurtasun neurrietan hobera egin dela hainbat tokitan baina egia da oraindik ere, hutsune nabariak daudela:
– Anbulantziek desinfekzio-tresneriarik gabe jarraitzen dute.
– Supermerkatuetan, maskarak berrerabiltzera behartuak daude langielak.
– Garbitzaileei betaurrekoak eta buzoak falta zaizkie, ikuskaritzak horrela agindu arren.
– Garraiolariak, erritmo bizietan dabiltza lanean.
Eta aipatutakoen artean inori ez zaio testik egin. 40 egun baino gehiago pasa diren honetan, beharrezkoa da guztion bizitzak zaintzen diren horien osasuna zein den jakiteko. Horregatik exijitzen diegu gobernu zein patronalei, lehentasunez, langile hauei egitea testak. Hau da, konfinamendu osoan oinarrizko zerbitzuetan aritzeagatik lanean dauden guztiei.
Bestalde, txaloekin soilik euren zama ez dela arintzen diogu. Inoiz baino lan karga handiagoarekin ari dira lanean, estres handiarekin, kutsatzeko beldurrarekin eta karga psikologiko handiarekin. Horregatik, gobernu zein patronalei, langile hauei hilabetean 4 egunetako ordaindutako lizentzia onartzea exijitzen diegu. Hau da, konfinamendu osoan oinarrizko zerbitzuetakoak izateagatik egiten ari diren lan eskergagatik merezitako atsedena izan dezaten.