Taludes Bilbao ABEEko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko udaletxearen aurrean hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Bilboko Udalak azpikontratatutako Urbaser S.A. eta Cycasa Canteras y Construcciones S.A. enpresek osatzen dute ABEE hau, eta ezpondetan lorezaintza-lanak eta hiriko hiri-altzarien eta haur-parkeen mantentze-lanak egiten dituzte.
Arrazoi askorengatik erabaki dute langileek batzarrean mobilizazioekin jarraitzea. Urtebete daramate hitzarmen kolektiboa negoziatzen, baina urrun daude beren baldintzak lan beretsuak egiten dituzten udalerri mugakideetako gainerako langileekin parekatzetik. Lanaldi luzeena eta %20ko soldata-aldea dute; gainera, hainbat baldintza ezberdin dituzte enpresa barruko lorezaintzan aritzen diren langileen eta altzarien mantenuan diharduten langileen artean.
Zuzendaritzak baldintzak duindu nahi ez dituela ikusita, Bilboko Udalari eskatu diote ez dezala beste aldera begiratu eta adierazi diote gaiari buruz hitz egiteko ordua iritsi dela.