2024-12-22
HomeEkintza SindikalaSuperBerriak-ek EEEa atzera bota ezean, greba mugagabeari ekingo diote langileek

SuperBerriak-ek EEEa atzera bota ezean, greba mugagabeari ekingo diote langileek

LAB eta CCOO sindikatuon oharra:

SuperBerriak-ek abiatutako Enplegu Erregulazio Espediente prozedura hasi zen irailaren 7an, eta kontsulta epealdia hasi eta berehala, susmatzen genuena gero eta argiago ikusten dugu: ez dagoela denda hauek itxi eta 70 lanpostu suntsitzea justifikatzen duen arrazoi ekonomikorik. Eta, beraz, EEEa honek ez duela izateko zentzurik.

SuperBerriak enpresak lau BM Shop frankizia ditu, Ugaon, Laudion, Amurrion eta Bilbon. Lauek ondo funtzionatzen dute eta horren erakusgarri da erabaki honek langile, bezero zein auzokideen artean sortu duen harridura. Baina lehen negoziaketa bilera burututa, gero eta argiago dugu EEEa abiatzeko erabakiaren atzean ez daudela negozioaren zifra txarrak: enpresak aurkeztutako dokumentazioa, eskasa izateaz gain, argi-ilunez beteta dago. Edonola ere, ez dituzte EEEa justifikatuko luketen arrazoi ekonomikoak frogatzen.

LABek eta CCOOek, enpresan ordezkaritza dugun sindikatuok, argi dugu SuperBerriak-ek ardura bat daukala bere langileekiko, eta beraz, jarduera utzi nahi baldin badu, dendentzako eroslea bilatu beharko duela, lanpostu horiekiko eta lanpostu horiek sostengatzen dituzten familiekiko erantzukizunez. Gainera, denda hauek BM Shop markapean Uvesco Taldearen frankizia izanik, ekidinezina egiten zaigu enpresa-talde honi ere egoera honen aurrean erantzuteko exijitzea eta haiekin bilduko gara horretarako.

Edonola ere, gaur kontsulta-epealdiaren baitan burututako bileran, LAB eta CCOOek prozesu honetan topatzen ditugun irregulartasun eta hutsuneak aurkeztu dizkiogu enpresari, eta EEEa bertan behera utzi eta beste bide batzuk aztertzeko exijitu. Hurrengo bi egunetan enpresak erantzukizunez jokatu eta EEEa bertan behera uzten ez badu, hurrengo ostiralean, irailaren 16an, greba mugagabeari ekingo diogu lau dendetan.

Enpresak grebari ekitera behartzen bagaitu, ostiralean bi mobilizazio burutuko ditugu: goizean, 12.30etan kontzentrazioa Bilboko Zazpikaleetako dendaren aurrean (Banco de España Kalea, 3), eta arratsaldean, 18.30etan manifestaldia Laudioko dendatik abiatuta (Zumalakarregi Hiribidea, 13). Larunbatean, berriz, 12.00etan kontzentrazioa burutuko dugu Amurrioko denda parean (Intxaurdio Kalea, 2).

Horrez gain, Roxyma enpresako langileekin harremanetan gaude gure borrokak nola uztartu eta elkarrekin indarra egiteko, jabe berberarena baita eta bertan ere EEEa sartu baitute. Roxymako langileek hiru greba egun egingo dituzte, asteazkenetik ostiralera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...