Altsasuko Sunsundegui enpresako langileak mobilizatu egin dira enpresa batzordearen babesarekin, LABeko delegatu bat lan eta soldata gabe zigortu ostean. 2017. urtetik akordio bat dago enpresan, besteren artean LABek sinatua, bertan batzorde baten bitartez kategorien gaiari heltzea adostu genuen.
Hiru urte eta gero ez zaio irtenbiderik eman gaiari, enpresan lan baldintza ezberdinak daude aurreko krisian hartutako doikuntza neurrien ondorioz. Ez dira kategoriak behar den bezala onartzen eta ez da metaleko hitzarmena betetzen. Modu honetan delegatuak uko egin zion bere kategoriatik gora dagoen lan bat egiteari. Honen aurrean enpresak errepresioaren hautua egin zuen 12 eguneko lan eta soldata gabeko zigorra ezarri zion.
Enpresak zigor honekin, langile guztien kategorien gaia heltzea ekidin nahi du neurri eredugarriak inposatuz eta langileak mehatxatuz. Langileak ez du aurretik inongo zigorrik izan.
Arrazoi honegatik, delegatua babesteko asmoz (zigorra atzera bota dadin) eta langile guztiei dagokien kategoria onartua izan dadin metaleko hitzarmenak ezartzen duen terminoetan, behar diren neurri juridiko guztiak hartu ditugu.
Horregatik guztiagatik, enpresari exijitzen diogu delegatuaren kontrako zigorra bertan behera utz dezan eta langile guztiei dagokien kategoria onar diezaieten, benetan egiten dituzten funtzioen arabehera.