LAB sindikatuak Sukalde eta Garbitzaile, Heziketa Berezia eta Haurreskolak Partzuergoko kolektiboetan hurrengo Martxoaren 14rako eta 15erako, zein Aste Santuko oporraldien ondoren iragarrita zeuden greba eta mobilizazio dinamika guztiak etetea erabaki du. Halaxe iragarri dugu gaur, Bilbon egindako agerraldi batean. "Greba, borroka eta mobilizaziaori esker, garaipenera bidean urratsak eman, mahaiak desblokeatu eta hauek edukiz betetzea lortu dugu", jakinarazi dugu..
Hilabeteetako mobilizazio eta konfrontazio dinamika bere emaitzak ematen hasi da. Borrokak, langileen elkarlanak eta mobilizazioek izan duten erantzun zabal eta arrakastatsuek inflexio puntu bat markatu dute. Hezkuntza Sailak gure aldarrikapen taulari lotutako edukiak mahaietara ekartzea beste biderik ez du izan. Mahaiak desblokeatzea lortu dugu eta gertaera hau langileon garaipen gisa irudikatzen dugu. Langileen borrokak bere emaitzak ematen dituela argi adierazi nahi diogu Euskal Herriko langileriari; borrokari esker urteetan blokeatuta egon diren negoziaketetan urrats kualitatibo nabarmenak eman ditugu. Beraz, zorionak berriro ere jendartearen eraikuntzarako, hezkuntza eraldaketarako tresna gisa ulertzen duzuen guztioi, eta egunero, horretan lanean diharduzuenoi.
Kolektibo hauetan, negoziazioaren abiapuntua izango diren akordio on batzuk lortu ditugu, lehen esan bezala, langileen borroka eta greben jarraipen arrakastatsuari esker. Langileen lan baldintzak eta eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitateak hobera egingo dute akordio hauekin. Hezkuntzaren kalitatea eta langileon baldintzak hobetzean, kapitalismoa zein estatuekin dugun lehian langile klaseak burujabetza sozialean sakontzen du. Guk, Euskal Herrirako sistema propioa eraiki nahi dugu, eta bide honetan ari gara. Izan ere, etorkizuneko hezkuntza sistema, langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz.
LABen ikuspuntutik, kolektibo hauek egoera espezifikoa dute hezkuntza komunitatearen baitan. Urteetan zehar murrizketa ikaragarriak pairatu dituzte Hezkuntza Saila zein Administrazio orokorraren partetik. LABen erronka, borroka eta konfrontazioaren bitartez murrizketa politika horri buelta ematea eta lan baldintzak hobetzea izan da beti, hezkuntzaren kalitatea bera bermatu dadin. LABi zilegitasuna bere afiliatu eta hurbilekoek ematen diote eta kontraste lan jarrai eta sakon bat egin ostean, mobilizazioak eteteko argudio eta arrazoiak nabarmendu egin dira. Zentzu honetan, hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu dugula uste dugu. Aldarrikapen taulatik zintzilik geratutako edukiak, Mahai Orokorrean argitu beharrekoak dira, dagokion markoaren baitan eta zerbitzu publiko gisa borrokatu beharrekoak.
Borroka dinamika honi esker, hauek dira langileen lan baldintza eta zerbitzuaren kalitatea hobetzera bidean lortutako aldarrikapen esanguratsuenak:
Haurreskolak Partzuergoan
– Zikloaren aitortza politikoaren norabidean urratsak ematea lortu da, zikloari berari
izaera hezitzailea aitortuz. Era berean, herrietako haurreskolen biziraupena bermatzen da.
– Ordezkoen araudi duina eta ordezkapenak betetzea lortuta haurreskoletako lan zama
arintzea lortuko da, hezkuntza zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko delarik.
Heziketa Berezian
Merezitako aitortza eta inklusibitatearen bidean, historikoak izan diren hiru aldarrikapen lortu ditugu:
– Fisioterapeuta, Lan terapeuta eta Gizarte langileen ekiparazioa.
– Asteko jardunaren zehaztapena.
– Garraioa gure funtzioetatik kentzea.
Sukalde eta Garbitzaileetan
Langile hauekiko eta euren lanarekiko merezitako aitortza ematen da:
– Kolektiboaren pribatizazioa ekiditen da.
– LPZ handitu eta lanpostu berriak sortzen dira.
– Ratioak eta metrajeak definitzen dira, lan zamak arintzeko funtzioak zehaztuz.
LABek oso argi utzi nahi du mobilizazioak eten besterik ez ditugula egin. Mahaiak desblokeatzeko baldintzak ematen direla, baina lan hitzarmen berriak lortzera bidean negoziaketek jarraitu egingo dutela hemendik eta aurrera. Borrokan jarraituko dugu inolako zalantzarik gabe, izan zerbitzu publikoetako mahai orokorrari begira zein kolektibo hauetan lan hitzarmen berri eta duinak lortzera bidean. Ibilbidearen amaieran gaudela uste duten horientzat, argi eta ozen esan nahi diegu bidearen hasieran besterik ez gaudela! Administrazioaren jarrera itxia apurtu dugu borrokaren bidez eta negoziaketetan sakontzeko aukera ireki dugu, baina inolaz ere, ez diegu txeke zuri bat emango ezta mahaiak berriro ere blokeatzeko tarterik utziko. Borrokan jarraituko dugu!
Borroka honen beste adibide eta froga garbi bat irakasleen kolektiboan greba eta mobilizazioetan jarraitzen dugula da. Kolektibo honetan orain arte izandako negoziaketetan, LABek ez ditu bere helburu eta espektatibak asetuta ikusi eta mobilizazioak eteteko gutxiengo baldintzarik ez da ematen gaur egun. Horren ondorioz, konfrontazio dinamikarekin aurrera egitea beste biderik ez digu uzten Hezkuntza Sailak. Hala ere, dagokigun erantzunkizunarekin lan egiten jarraituko dugu kolektibo honetan ere, akordio duin bat lortzeko asmoarekin.
Bukatzeko, LAB sindikatutik borrokaren balioa beste behin ere azpimarratu nahiko genuke, Eusko Jaurlaritzak azken urteetan izan duen jarrera immobilista pitzatzeko balio izan diguna, eta ziurtasun osoz, etorkizunean ere balio izango diguna. Langileek duten tresnarik indartsuena dela beti esan izan dugu, baina gaur plazaratzen dugun adibide honek bere balioa berretsi eta indartu egiten duela zinez uste dugu.