2025-03-31

Soldata eta pentsio duinak hemen eta denontzat 

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuok Hego Euskal Herriko langileentzako gutxieneko soldata propio bat lortzeko prozesua martxan jarri dugu. Urtarrilaren 8an herri ekimen legegile bana erregistratu genuen Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, eta urtarrilaren 14an CONFEBASKieta CENi lanbidearteko akordio bana adosteko eskaera luzatu genien.

Gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa da, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizten du eta legezko lan-baldintzak baino hobeak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen du. Horregatik behar dugu euskal langileen beharren araberako gutxieneko soldata ezartzea.

Espainiako LGS nahikoa da?

Eusko Jaurlaritzaren arabera 2022an urtean 19.848 euro behar ziren “nahikotasunez” bizi ahal izateko. Nafarroan etxebizitzaren prezioa % 26 hazi da, eta alokairuarena, % 46. Espainiako gutxieneko soldata 2024an 1.303 euroan dago 12 ordainsaritan (1.134 euro 14 ordainsaritan, eta urtean 15.876 euro) eta, beraz, ez du balio langileak pobreziatik ateratzeko eta aberastasuna banatzeko.

Beste herrialde batzuetako LGS zenbatekoa da?

Hego Euskal Herriko antzeko aberastasuna sortzen den herrialdeetan LGS askoz handiagoa zen 2024an (12 ordainsaritan): Alemanian 2.054 €, Frantzian 1.766,9, Britainia Handian 2.230,9, Belgikan 2.070,5, Luxenburgon 2.570,9, Herbereetan 2.134,1, Irlandan 2.134,1 edo Islandian 2.493,2.

Nori eragingo dio LGS altuago batek?

Enplegua duten langile guztiei. Gutxieneko soldatak igotzen direnean lan prekarioenak pairatzen dituzten langileen soldata zuzenean igotzen da (bereziki emakumeena, pertsona migratuena, aniztasun funtzionala dutenena eta gazteena); Hego Euskal Herrian 300,000 langileri eragingo lieke igoerak. Baina gutxieneko soldata igotzen denean langile guztien soldata hobetzeko presioa sortzen da.

Baina estatu batean hainbat gutxieneko soldata egon daitezke?

Badira hainbat estatu bere barnean gutxieneko soldata ezberdinak dituztenak, adibidez: Indonesia, Kanada, Estatu Batuak, Japonia, Errusia, Brasil edo Alemania.

Zergatik eskatu orain gutxieneko soldata propio bat?

Espainian gutxieneko soldatak oso baxua izaten jarraituko du; enpresak inoizko irabazi handienak pilatzen ari direnean eta bien bitartean oinarrizko ondasunen prezioa izugarri garestitzen ari denean (etxebizitza, gasolina, elikagaiak…). Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko gutxieneko soldata hemen erabaki behar dugu.

Hego Euskal Herriko langileek sarritan erakutsi dute borondate berezitu bat, hauteskunde sindikaletan esaterako. Era berean, Hego Euskal Herriko langileak dira mobilizazio eta greba gehien antolatzen dituztenak. Bestetik, horri erantsi behar zaio Hego Euskal Herriko langileek pairatzen duten bizitzaren garestitzea handiagoa dela. Zentzu horretan, gutxieneko soldataren aldeko borroka lan harremanetarako euskal esparrua eratzeko aurrerapausoa izango litzateke, gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko dituena aberastasunaren banaketa justuago baten bidez.

Nola lor dezakegu gutxieneko soldata propioa ezartzea?

Indarrean dagoen legediaren arabera, sindikatuen eta Patronalaren arteko lanbidearteko akordio baten bidez gutxieneko soldata propioa ezar daiteke, negoziazio mahaian adosten den irismen eta kopuruarekin. Era berean, herri ekimen legegilearen bidez Langileen Estatutua alda daiteke, bertako instituzioek (Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak) Estatukoaren gainetik legokeen gutxieneko soldata ezartzeko eskumena izan dezaten.

Bi bide hauek osagarriak dira: Lanbidearteko akordioak indarra emango lioke eskumena eskuratzeko bideari, eta Patronalaren balizko blokeoaren aurrean, herri ekimen legegileak eskumena eskuratu eta era berean patronala interpelatzeko balioko luke. Batetik nahiz bestetik, hurrengo hilabeteetan ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuak lanean arituko gara euskal langileon borrokarako grina gutxieneko soldata altuago baten zerbitzura jar dezagun.

KARTELA HEL - ELEBIDUN [JPG]
KARTELA MOBILIZAZIOAK EUSKARAZ [PDF]
KARTELA MOBILIZAZIOAK - ELEBIDUN [JPG]
ESKUORRIA EAE - Elebidun [PDF]
ESKUORRIA NAFARROA - Elebidun [PDF]