2024-12-22
HomeEkintza SindikalaSokoa enpresan mobilizazioei ekingo diegu

Sokoa enpresan mobilizazioei ekingo diegu

2024ko Urteko Derrigorrezko Soldata Negoziazioen baitan langileen Biltzar Nagusiak hartutako erabaki baten berri emateko agerraldia egin dugu gaur LAB eta CFDT sindikatuok bulego-aulkien lantegiaren aurrean. Biltzar Nagusi horretan erabaki zen Soldata Negoziazioen blokeoa ematen bazen blokeo horren berri ematea gizarteari eta, aldi berean, gure aldarrikapen nagusiaren alde engaiatzea gaurtik bertatik mobilizazio bat antolatuz.

Bestalde, gaurko prentsaurrekoa ere baliatu nahi genuke 2017ko ekainean osatutako zuzendaritza “berri” honek dituen egiteko manerak eta dituen jarrerak jakin arazteko. 

Urteko Derrigorrezko Soldata Negoziazioei dagokienez, aipatu nahi dugu “negoziazio” hauek 2024ko apirilaren 28an abiatu zirela eta hiru bilera egin ondotik zuzendaritzak desadostasun-akta egin duela eta horren ondotik alde bakarrez %2,5eko emendaketa orokorra egitea erabaki duela %3ra mugatua izango den INSEE klausularen aplikapenarekin eta antzinatasun primaren baremoak %10ean birbaloratuko dituelarik.

Guk gure aldetik, lehenbiziko bilkuratik lehentasun garbi bat izan dugu 13. hilabete-osagarri baten nahiarekin. Jakin behar da gure hitzarmen kolektiboak aurreikusten duela “13. hilabeteko” deituriko prima bat soldata erdi baten baliokidea dena eta 5 urtetako antzinatasuna lortzean izaten ahal dena. Gure eskaera beraz prima hau osatzea litzateke, Sokoako soldata ertainen gainean kalkulua egin eta urteko prima finko bat ezarriz.

Gure aldarrikapena bultzatzeko honako argudio hauek ipini ditugu mahai gainean:

      1. Gure herriak eta batez ere kostaldeak neurrigabeko inflazioa jasan duela azken urte hauetan eta beraz bazela ordua langileen ongizatea egungo errealitate lokalarekin lotzeko “hamairugarren” deitutako prima bat ezarriz.

       2. Azken urte hauetan Salmenten Xifrak modu adierazgarrian handitu diren arren, gure interesamenduak beheranzko joera nabarmena izan du. Adibidez 43 milioiko Salmenten Xifrekin 4000 euroko interesamendua bagenuen 2007. zein 2008. urtean; aitzitik 2022an eta  2023an 933 euro eta 1834 euro baino ez ditugu izan lehenbiziko urtean 54 milioiko Salmenten Xifrak eta bigarrengoan 56 milioiko Salmenten Xifrak egin arren.

       3. Zuzendaritzak, bere betiko diskurtsoa erabiliz, esaten digu ezin dituela karga pertsonalak gehiago emendatu. Baina, izan dugun informazio gutxirekin baieztatzen ahal dugu hain justu soldatarik handienek izan dituztela emendaketarik handienak azken urte hauetan. Haientzat posible bada emendaketa hori, zergatik ezin du izan langile soil batentzat?

Gure “hamairugarren” hilabetearen aldarrikapena zilegia dela jakinik, azpimarratu nahi dugu gaurtik aurrera aldarri honen alde borrokatzeko prest garela eta ziklo berri batean sartuko garela “hamairugarren” hilabete hau lortzeko asmoz. Hori dela-eta, jakin arazi nahi dugu ere ostiral honetan, maiatzaren 17an 4etan langileen Biltzar Nagusia antolatu dela eman beharreko mobilizazioen segidari buruz hitz egiteko eta egun berean 5etan Sokoako Administrazio Kontseilua delarik berau ere interpelatzeko asmoz.

Soldata Negoziazio hauez gain, zuzendaritzaren egiteko manera eta jarrera desegokia dela-eta jakin arazi nahi dugu kezka hori aski zabaldua eta partekatua dela enpresako bestelako eragileen artean ere.

Batez ere honako hauek aipatu nahi genituzke:

       1. Gardentasun falta nabarmena. Zuzendaritzak ez dizkigu eman Soldata Negoziazioen baitan eskatu ditugun informazio guztiak, esate batera. Beste batzuen artean, adibidez kategoria sozioprofesionaleko soldata handienak eta ttikienak ez dizkigu transmititu. Horrez gain urteetan zehar Batzorde Sozial eta Ekonomikoan eskatzen ditugun informazioak ere ez dizkigu komunikatzen, hala-nola akziodunen Biltzar Nagusietako presentzia-orriak zein bertako aktak.

       2. Boterearen kontzentrazioa. Gero eta nabarmenago boterea pertsona baten gainean murrizten ari dela ohartzen gara. Adibidez argi ikusten da Zuzendari Orokorrak ez diola bertako Giza Baliabideetako Zuzendariari inolako erabakitzeko edo negoziatzeko botererik ematen Batzorde Sozial eta Ekonomikoko bilkuretan edota Soldata negoziazioen bilkuretan. Bilkura horietan gero eta nabarmenago ikusten dugu erabakiak aurretik hartuak direla eta grabaketa-gela batean baino ez gaudela egiazki negoziatzeko aukerarik gabe eta erabaki kolektiboen gainean eztabaidatzeko posibilitaterik gabe. Enargiaren afera kudeatzeko orduan ere nabarmen gelditu da. Batzorde Sozial eta Ekonomikoa informatua eta kontsultatua izan zen Enargiaren kapitalean parte hartzeko orduan, baina afera hau dagoenetik ez dugu inolako informaziorik. Gauzak horrela, prentsaren bidez jakin dugu Sokoak justiziaren bidea hartu duela eta bide beretik jakin dugu ere Enargiako kapitaletik irteteko asmoa badagoela. Itxuraz, erabaki hau Zuzendari Orokorrak bakarrik hartuko du. Duen garrantzia kontuan hartuta ez al litzateke eztabaidatu edota erabaki behar beste eragileekin batera, hala-nola langileen ordezkariekin edo akziodunekin?

       3. Ordainsarien desberdintasunerako eboluzioa. Argi ikusten dugu, alde batetik, soldaten 2000. urteko 1etik 3rako tartea nola pasatu den 1etik 5era 2024an eta, bestalde, Zuzendari Orokorrari dagokion eta bere soldatari gaineratzen zaion mandatu sozialaren ordainsaria ere nola hirukoiztu den azken hamar urte hauetan.

       4. Enpresarekiko atxekimendu gero eta txikiagoa. Langileen joatea ere gero eta handiagoa dela ohartu gara eta bertakoen atxekimendua ez dela garai batekoa bezalakoa eta neurri handi batean zuzendariaren egiteko manera eta jarrera honi lotuak dira. Azpimarratu nahi dugu lehenbiziko aldiz ez dela Sokoako Administrazio Kontseilurako azken bozetan koadroen aldetik hautagairik aurkeztu. Eta hau ez da ohikoa gure ustez.

Zuzendaritza honek kanpora begira erregularki bidaltzen duen irudiaren lekukoak gara eta ez dugu ukatzen gauza positiboak ez direnik ezartzen gure enpresan, baina tamalez ez da prentsan agertzen den enpresa eredugarri hori ere, izan ere ez da ahaztu behar epaitegiek Sokoa zenbait aldiz zigortu dutela batez ere lan kodea eta hitzarmen kolektiboa ez errespetatzeagatik edota gehiegizko kaleratze zein sindikatu diskriminazioagatik!!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...