2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaSindikatuok Osakidetzako mahai sektorialetik altxatu gara

Sindikatuok Osakidetzako mahai sektorialetik altxatu gara

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:

Osakidetzako Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok (LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT) gaurko bileran egiaztatu dugunez, Osakidetzan aurpegi-aldaketa egon arren, jarrerek betiko berberak izaten jarraitzen dute: negoziaziorik eza, elkarrizketarik eza, aldebakarreko inposaketak eta sindikatuekiko eta langileekiko mespretxurik handiena. 

Atzo ohar bat egin genuen publiko, eta bertan salatu genuen Osakidetzak, beste behin ere, gai-zerrenda eta bileraren edukia bera inposatzen zizkigula eta, beste behin ere, edukirik gabeko Mahai baten aurrean geundela. Mahai horrek ez zuen sindikatuok adostutako aldarrikapen bakar bat ere jasotzen, aldarrikapen horiek mobilizazioak deitzera eraman gaituztelarik. Eta hori guztia, nahiz eta berariaz eskatu aldarrikapen horiek gai zerrendan sartzea. Azken batean, salatzen genuen bilerak ez zuela proposamen edo neurri bakar bat ere jasotzen osasun-sistema publikoak dituen egiturazko eta funtsezko arazoei aurre egiteko, azken urteotako murrizketa-politiken ondorio diren arazoak. 

Bada, gaurko bileran baieztapen horietako bakoitza egiaztatu ahal izan dugu, eta ez hori bakarrik, baizik eta egiaztatu ahal izan dugu ere, Osasun Sailean eta Osakidetzan bertan aurpegiak aldatu arren, praktikek betiko berberak izaten jarraitzen dutela. Hala, gai-zerrendako lehen puntua ia jorratu ez genuenean eta bigarren puntuari heltzen ari ginenean, Osakidetzak prentsara eta platilla osoari bidali dio, oraindik amaitu ez zen bilera baten balorazioa egiten zuen ohar bat, eta Mahaian oraindik ezagutzera eman ez dizkigun planteamenduak plazaratzen zituena. Sindikatuei entzun ere egin gabe baloratu du bilera Osakidetzak. 

Jarrera hau onartezina da, are gehiago kontuan hartzen badugu ohiko jarrera bat dela, eta komunikabideen bidez jakin ohi dugula Osakidetzak Mahaira eraman beharko lituzkeen proposamen eta neurriak. Aldebakarrez hartzen ditu erabakiak langileen ordezkariak kontuan hartu gabe. Gogora ekarri behar da, gure historia hurbileko pandemiarik okerrena bizi dugun arren, Mahai Sektoriala ez dela bildu ekainetik, eta denbora horretan ez dela elkarrizketarik edo proposamenik egon Osakidetzako lantokietan bizi den egoera larriaren aurrean. 

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu Mahai Sektorialean benetako negoziazioa abian jar dezala. Negoziazio horren puntu nagusiak sindikatuen artean adostutako aldarrikapenak izan behar dira, aldarrikapen horien helburua gure osasun-sistema publikoaren egiturazko arazo larriak konpontzea den heinean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...