2025-01-15
HomeEkintza SindikalaSindikatuok bilera errondari ekin diogu alderdi politikoekin, EAEko sektore publikoaren egoera larriaren...

Sindikatuok bilera errondari ekin diogu alderdi politikoekin, EAEko sektore publikoaren egoera larriaren berri eman eta euren erantzukizuna aldarrikatzeko

LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuon oharra:

Apirilaren 22an sektore publikoan greba orokorra deitu genuen sindikatuok hala eskatuta, gaur, ekainaren 3an, ekin diogu bilera errondari Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten honako talde politikoekin: EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosekin. Bihar, berriz, PSE eta PP-Ciudadanos alderdietako ordezkariekin bilduko gara.

Batzarretan, sindikatuetako ordezkariok azaldu dugu zergatik bultzatu ditugun EAEko sektore publikoan mobilizazio eta greba-egunak, eta sektore publikoak bizi duen egoera larriaren berri eman diegu: sektore publikoan 120.000 langile baino gehiago daude azpikontratatuta, eta kontratatutako langileen % 40k behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen du. Hori gure erakundeek sektore publikoa pribatizatzeko egindako apustuaren ondorio garbia dela adierazi diegu.  

Beharrezkoa da gure erakundeek eta alderdi politikoek behingoz irtenbide bat bilatzea, beren esku baitago konponbidea, eta hori lortzeko, behin-behinekotasuna pairatzen duten 60.000 langile publiko baino gehiago kontsolidatu behar dira, eta behingoz zerbitzu publikoen alde egin, enplegu publikoa sortuz eta pribatizazioari bidea moztuz.

Helburu hori lortzeko eta mobilizazioen dinamikaren barruan, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok manifestazioak deitu ditugu ekainaren 5ean EAEko hiru hiriburuetan. Manifestazioak 11:30ean izango dira; Gasteizen, Diputazio plazatik; Donostian, Boulevardetik; Bilbon, Arriagatik. Sindikatu deitzaileok langile publiko guztiak eta herritarrak animatzen ditugu bertan parte hartu dezaten; guztion artean lortuko dugu helburua.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako irakaskuntza publikoko urtarrilaren 30eko greba erregistratu dugu

Hezkuntza Departamentuak jarrera guztiz itxiarekin jarraitzen du, eta horren aurrean, egiazko negoziazioa egon dadin, gure indar osoa mahai gainean jartzeko prest gaudela erakutsiko dugu.

Epaitegien erasoaldi eta injerentziaren aurka, gure hizkuntza eskubideak defendatzeko deia egiten dugu

Oraingoan Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) deialdi bati egokitu zaio epaitegien erasoaldiaren jomugan egotea. “Egotea” diogu epaitegien erasoaren benetako helburua, “izan”, euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak baitira. Hartara, helburu horren bidean edozer erasotzeko prest ere agertzen dira; kasu honetan, BFAren deialdi bat non 77 pertsonaren plazak jokoan jartzeraino heltzeko gai diren euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak erasotzearren.

Confebask eta CEN patronalei dei egin diegu gutxieneko soldata propioa finkatuko lukeen Lanbidearteko Akordiorako negoziazio mahaia eratzeko

Beste sindikatu batzuk egin bezala, gaur goizean, EAEn eta Nafarroan Lanbidearteko Akordio bat negoziatzeko mahai bana eratzea eskatu dugu, Patronala (Confebask – CEN) eta sindikatuen artean Gutxieneko Soldata propio bat negoziatu eta ezartzeko.