2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaSindikatuak berriro altxatu gara osasungintzako mahai sektorialetik, edukirik eza eta Osakidetzaren jarrera...

Sindikatuak berriro altxatu gara osasungintzako mahai sektorialetik, edukirik eza eta Osakidetzaren jarrera inposatzailea ikusita

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon ohar bateratua:

Osasuneko Mahai Sektorialeko kide garen sindikatuok kapitulu berri bat bizi izan dugu gaurkoan, edukirik ez daukan foro horren historian.

Hori dela eta, edukirik ez daukalako, pasa den urtarrilean mahaitik altxatu ginen, eta salatu genuen informazio foro baten aurrean gaudela, ez negoziazio esparru batean, eta gainera, Osakidetzak ez dituela errespetatzen lortzen diren akordio apurrak.

Gogora dezagun pasa den astean Eusko Jaurlaritzak iragarri zuela Gobernu Kontseiluak onartu zuela, joan den uztailean Mahaiko kide batzuen abala jaso zuen Garapen Profesionalerako aparteko deialdia. Iragarpen horren ondoren, Osakidetzak aparteko Mahai bat deitu du gaurko. Mahai horrek bi puntu zituen gai-zerrendan: garapen profesionala eta Basurtuko Bihotz-kirurgia.

Harrigarria bada ere, eta berriro ere bere fede txarra eta negoziatzeko borondate eza erakutsiz eta propagandaren bidean sakonduz, Osakidetzak adierazi digu ez dakiela noiz jarriko duen martxan pendiente dagoen deialdia. Era berean, eta deialdian izandako atzerapenaren ondorioz, osagarri hori kobratu zezaketen pertsona batzuk kanpoan gera zitezkeela ikusita, Osakidetzak adierazi du “batzuk kanpoan geratuko direla eta beste batzuk sartuko direla”. Horrelako planteamenduak onartezinak dira eta argi erakusten digute Osakidetzak langileekiko daukan errespetu falta.

Gogora dezagun uztailean sinatu zen akordio baten aurrean gaudela, eta iazko abenduaren 31n gauzatu behar zela. Osakdietzak 6 hilabete daramatza bete gabe, eta gaur adierazitakoa ikusita, oraingoz, bete gabe jarraituko du. Soldata-murrizketa hau 2012tik dago indarrean.

Osasun Sailak sinatutakoari ematen dion balio ezaren adibide ona da hau. Osakidetzak, alde bakarrez, edukirik gabe uzten ditu akordio hauek hala komeni zaionean.

Egoera hori ikusita, Mahaian gauden sindikatu guztiok bilera uztea erabaki dugu.

Hori gutxi balitz, azpimarratu eta salatu nahi dugu Osakidetzak ez dituela sartu gaurko bileraren gai-zerrendan, behin ta berriz mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenak. Aldarrikapen horien inguruan hainbat greba-egun deitu ditugu sindikatuok, azkena astelehen honetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.