2024-07-03
HomeLAB SindikatuaIpar Hegoa"Sindikalismo abertzalearen erronka marko propio baten aldeko borroka indartzea da"

“Sindikalismo abertzalearen erronka marko propio baten aldeko borroka indartzea da”

Otsailaren 19an, 25 urte beteko dira LABek eta ELAk Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko adierazpen bateratu historikoa egin genuenetik. Hala, agerraldia bat egin dugu urtemuga horren harira dugun irakurketa eta ekimenen berri emateko. Hain zuzen ere, lan harremanak eta babes soziala Euskal Herrian egituratzeko aukerei buruz, egun osoko jardunaldi bat antolatuko dugu Ipar Hegoa Fundazioarekin batera, otsailaren 19an bertan, Donostiako Kursaalen.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, idazkari ondoko Igor Arroyok eta Prestakuntza idazkari Jagoba Zuluetak hartu dute hitza agerraldian.

Igor Arroyok adierazi du egun indarrean dauden hiru parametro zehaztu zirela duela 25 urte. Alde batetik, Euskal Herria hausnarketa, aldarrikapen eta borrokarako esparru autonomo moduan zehaztu zen: "Agenda propiodun euskal sindikalismoa, kontrabotere klabean; norabide propioa, sindikalismo espainola elkarrizketa sozialarekin desaktibatuta zegoen bitartean", azaldu du.

Beste aldetik, sindikalismoa eragile soziopolitiko bezala definitu zen: klabe sozial eta nazionalean aktibatzen dena; egiturazko egoera irakurtzen dakiena; akordioetara heldu eta konpromisoak hartzeko prest dagoena.

Hirugarrenik, bizi eta lan duinerako dauden egiturazko oztopoak identifikatu ziren, gaur egungo parametroetan: patronalaren neurrira egindako eredu soziala; Euskal Herriaren menpekotasuna. "LABek trantsizioan salatua zuen hau, eta, 1994tik aurrera, baieztapen hauek gehiengo sindikal batek konpartituko ditu", erantsi du Arroyok.

"Egun ez dago demokraziarik"
Garbiñe Aranburuk, berriz, nabarmendu du azken urteotako bilakaera sozial, ekonomiko eta politikoak ondorio honetara eramaten gaituela: egun ez dago demokraziarik Euskal Herriko langileentzat.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “elite ekonomikoen neurrirako indarrean dagoen eredu ekonomiko eta soziala ez da demokratikoa, erabateko boterea ematen dio patronalari, desberdintasun sozialak areagotzen ditu, bakartu eta zatitu egiten du langileria, eta prekarietatera kondenatu nahi gaitu”.

Garbiñe Aranburen arabera, “oso anitza da langile klasearen errealitatea, eta prekarizazio prozesu honek ez die guztiei berdin eragiten, baina errealitatea da ez dagoela langile kolektiborik bere bizi-baldintzen prekarizaziorik jasan ez duenik”.

Era berean, demokratikoa ez den estatu baten parte garela berretsi du, proiektu politiko guztiak ez direlako defendagarriak: “Garesti ateratzen da herrien autodeterminazio eskubidea defendatzea, eta kriminalizatu egiten da. Euskal Herrian lehen eskutik ezagutzen dugu zer diren epaiketa politikoak eta zer den errepresio poltikoa. Madrilen egiten ari diren epaiketa independentista guztion kontrako epaiketa da, baina edozein demokrataren kontrakoa ere bada. Zentzugabekeria juridikoa eta politikoa da herritarrei hitza emate hutsagatik ordezkari politikoak kartzeleratu eta epaitzea”.

Ultraeskuina indartzeak eskubiak mozorroa kentzeko balio izan duela azaldu du: “PP, Cs eta Vox-ek ordezkatzen duen hiru buruko neofaxismoa ari da bere burua erakusten, konplexurik gabe, eta inboluzio antidemokratikoa azeleratuz doa. Eta PSOEren Gobernuak ez du borondate politikorik, ezta aukerarik ere, azken urteotako erreforma eta murrizketa sozialak atzera botatzeko; hauetariko asko bere agintepean egindakoak. Are gutxiago du eskaintza demokratizatzaile bat Estatuaren lurralde krisia konpontzeko”.

Inboluzio soziala ere bada inboluzio antidemokratikoa, LABeko idazkari nagusiak esandakoaren arabera: “Bereiztu ezin diren bi gai dira, batarekin lotuta dago bestea. Indarrez Espainiaren batasunari eustea, 78ko erregimenari eustea, egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkalari indarrean izateko bermea da”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “Euskal Herrian gehiengoa gara beste eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko apustua egiten dugunak. Herri bizia da, mobilizazio sozial indartsua dago, prekarietatearen kontrako borroka indartzen ari gara lan-zentroetan. Herri honetan dagoen borrokarako gaitasun itzela kontutan hartu beharreko aktibo garrantzitsua da"

Esparru propioaren beharra
Testuinguru politiko eta sozial oso garrantzitsuan bizi garela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk, eta sindikatuak ere interpelatzen gaituen testuingurua dela esan du: “Duela 25 urte sindikalismo abertzaleak inflexio puntu bat ezarri zuen Lan Harremanak eta Babes Sozialeko Euskal Esparruaren aldeko aldarrikapen eta mobilizazioarekin. Ilusioa ekarri zuen eta ilusioak jendea aktibatzen du. 2017an, prozesu soberanista baten aldeko adierazpenarekin, beste mugarri bat jartzekotan egon ginen. LABentzat hausnarketa hura indarrean dago. Aldaketa politikorako prozesu bat sustatu behar dugu, aldaketa soziala lortzeko”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “prekarietatearen aurka eta eraldaketa sozialaren aldeko borrokan aurrera egin eta olatu neoliberala gelditzeko, demokratizazioaren bidean urratsak egin behar dira; eskutik doaz demokrazia eta burujabetza”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, "sindikalismo abertzalearen erronka marko propio baten aldeko borroka indartzea da, lan eta gizarte arloko erabateko eskuduntzekin, egun baino gehiagorekin. Marko juridiko berria aurrekoak zituen egiturazko gabeziarik gabe jaio behar da. Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bermatu behar du".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ƚLTIMAS NOTICIAS

Microliquideko Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratzea eskatu diogu zuzendaritzari, %97ko jarraipena izan duen bigarren greba egunean

Arrasateko Microliquid enpresako langileek bigarren greba eguna izan dute gaur, enpresak mahai gainean jarritako eta langileen herenari eragiten dion Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) aurrean. Grebaren jarraipena %97koa izan da. Gainera, gaur egin da kontsulta aldiaren lehen bilera.

Cementos Rezolako langileen aldarrikapenak ozen entzun dira AƱorgan

Goizean goizetik lantokiaren aurrean kontzentratuta egon ostean, gaur enpresarekin eginiko bileraren kanpoaldean elkarretaratzea egin dutu eta eguerdian, ostera, manifestazioa. Hori guztia enpresak aldebakarrez ezarritako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurka eta lanpostuen defentsan. Bihar, asteazkena, berriro ere kalera aterako dira langileak ordu berdinean, 13:00etan.

IruƱeko Adacen Fundazioan akordioa #LortuDugu hainbat lan-hobekuntzarekin

Adacen Fundazioa IruƱeko AzpilagaƱan dagoen adineko pertsonentzako eguneko zentroa da. Lan zentro txikia da, 9 profesionalek egiten dute lan bertan, kalte neurologikoak dituzten adinekoei arreta ematen.